Ondasun Higiezinen gaineko zergan ezohiko etxebizitza hutsek izango dute gainkarga. 4/2012 Foru Araua aplikatzearen ondorio da Mutrikuko Udalak hartutako erabakia.
Etxebizitza hutsa definitzeko errolda izan da adierazle nagusia:
zergaren sortzapen egunean, 2013ko urtarrilaren 1ean, etxebizitza horretan erroldatuta inor ez egotea. Horren arabera, 531 herritar izan dira neurri horren aplikazioaren berri jaso dutenak. Udalak hartutako erabakiak zenbait salbuespen jasotzen ditu.
«Salbuespen egoera horietako baten dauden etxebizitzek errekarguaren jakinarazpena jaso badute, hamabost eguneko epea izango dute alegazioak aurkezteko», azaldu dute udal teknikariek.
Salbuespen egoerak
Sei dira salbuetsita geratzen diren kasuak: etxebizitza errentan emateko erakunde publiko baten esku lagatzea (Bizigune programa). Egoera horretan daudenek emate kontratua aurkeztu beharko dute alegazioa aurkezterakoan; bigarren salbuespena etxebizitzako titularra zahar etxean egotea da; hirugarrena etxebizitzan jarduera ekonomikoren bat egitea, estetika zentroak, esate baterako; salbuetsita geratuko da baita ere sustatzaileek saltzeko dituzten etxebizitzak eta erregistroan errezibo berari lotuta daudenak –jabetza bertikala–. Herentziaz jasotzen diren etxebizitzak bi urtez egongo dira salbuetsita.
Informazio gehiago nahi dutenek udaletxeko kontuhartzailetza bulegora joan daitezke