Antzerkizaleen topaleku bihurtuko da barriro Aulesti, Pazko Astean
Aulestik Artedrama topaketak hartuko ditu, zortzigarren urtez jarraian; hala, Pazko Astean antzerkizaleen topaleku bihurtuko da herria. Besteak beste, antzerkiaz ikasteko laborategiak eta antzerki saioak bilduko ditu aipatu egunetan Aulestik.
Antolatzaileek jakitera emon dutenez, antzerkigintzaren atal guztiak jorratuko dituzte Artedrama topaketetan parte hartuko dutenek. Hain zuzen, hamalau lagunek parte hartuko dute; gehiagok parte hartzea ez litzatekelako eraginkorra izango, Markina-Xemeingo Ander Lipus aktore eta antropologoaren ustetan. Beraz, zerrendak dagoeneko itxita dituzte.
Hala, Lipusekin batera, beste lau irakasle ariko dira topaketetan; horien artean, Eneritz Artexe aktore gernikarra. «Oso laborategi trinkoa izango da, egunean zortzi orduz ikasle eta irakasleok antzerki munduan erabat murgiduta egongo gara, gorputz eta ahots adierazpen guztiak arakatzen», azaldu du Lipusek.
Bestalde, iluntze guztietako saio irekietan, irakasleen lanaz gozatu ahal izango dute bertaratzen diren ikasle zein herritarrek. Martitzeneko, eguazteneko eta egueneko ekitaldiak udal aretoan aurkeztuko dituzte, eta barikukoak eta zapatukoak, ostera, plazan – eguraldi txarra balego, frontoian–.
Egitarauari dagokionez, barikuan, esaterako, Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldeak estreinatu berri duen lan amateur bat ikusi ahalko du herritarrak: Biba zorrixen izurrittie!!!. Zapatuan, ostera, Donostia Antzerki Sariaren 13. urteko euskarazko antzerki muntaiarik onenaren sariduna den antzezlanari (Publikoari gorroto) egingo diote lekua. Gainontzeko egunetan, be, izango du zertaz gozatu Aulestira bertaratzen denak. Azken batean, «topaketa duinak» izango ditu aukeran herritarrak.
Aurreko urteetan lez, Aulestiko Udalak topaketen aldeko apustua egin du. Aurten, gainera, beste diru iturri bi be izango ditu ekimenak: Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Izan be, Mikel Ansotegi Aulestiko alkatearen arabera, «udalak ez du aurreko urteetan besteko gaitasun ekonomikorik»; hori dela eta, Eusko Jaurlaritzara eta Bizkaiko Foru Aldundira jo dute aurten, iaz bezala. Alkateak aitortu duenez, iaz «egoki» erantzun zuten aipatu erakundeek eta aurten be horrela izango delakoan daude.
Dioenez, «pozez» laguntzen ditu udalak artedrama topaketak. «Udalak esfortzu bat egiten du, baina, egia esan, artedrama da Euskal Herri guztian euskara hutsez egiten den antzerki topaketa bakarra; beraz, bai antzerkigintza zein euskalgintzari laguntzen diegu», adierazi du.
Aulestiko alkateak uste du krisi garaian, askotan, aktibitate kulturalak izaten direla kaltetuenak, eta, horregatik, poztu egiten da aurten be artedrama egiteko gaitasuna izateaz. Azken finean, artedrama laborategiak «Aulesti euskarazko antzerkigintzan erreferentzi» bihurtzen duela uste du. Era berean, Lipusek berak be Aulestik antzerkigintzarako giro aproposa sortzen duela dio.
VIII. Arte drama topaketak. Egitaraua
Apirilak 2
Emonaldia. Euskalduna naiz eta arrano nago.
Taldea. Barry Manley eta Aitor Txarterina.
Disziplina. Bakarrizketak.
Lekua. Udal aretoa.
Ordua. 21:00.
Apirilak 3
Emonaldia. Iragan Perfektua.
Taldea. Horman Poster Kolektiboa.
Disziplina. Antzerkia.
Lekua. Udal aretoa.
Ordua. 21:00.
Apirilak 4
Emonaldia. Aktibo Toxikoa.
Taldea. Bederen Bat.
Disziplina. Bakarrizketak.
Lekua. Udal aretoa.
Ordua. 21:00.
Apirilak 5
Emonaldia. Biba Zorrixen Izurritei!!!
Taldea. Abarka Antzerki Taldea (Markina-Xemein).
Disziplina. Antzerkia.
Lekua. Plaza (eguraldi txarrarekin, frontoia).
Ordua. 22:00.
Apirilak 6
Lehenengo saioa.
– Emonaldia: Publikoari Gorroto.
– Taldea: Huts Teatroa konpainia.
– Disziplina: Antzerkia.
– Lekua: Plaza (eguraldi txarrarekin, frontoia).
– Ordua: 22:00.
Bigarren saioa.
– Emonaldia: Bostenborren kontzertua.
– Taldea: Bostenbor.
– Disziplina: Musika.
– Lekua: Gaztetxea.
– Ordua: 00:00.