Aurrera doaz Usotegi parkeko beharrak Lekeition. Jadanik prest daude bi ortu alor landarak jarri eta haziak ipintzen hasteko. Horretarako, apirilaren 6an jarri dute hitzordua Lekitto Bedarra elkarteko antolatzaileek.
Ekintzak auzolanean doaz aurrera. Lehenengo, ingurua garbitu zuten, gero sailak prestatu zituzten, eta orain, hurrengo pausoa landatzea izango da.
Martxoaren 23an ibili ziren herritarrak ortu alorrak prestatzen. Ordukoan, 17 lagun batu ziren, eta ortua egiteko oinarriak azaldu zituzten. Partaideek interes handia erakutsi zuten, eta Imanol Barainka Lekitto Bedarrako kidearen azalpenak jaso zituzten: ortua egiterakoan orientazioaren garrantzia, zerbait jarri aurretik zer jarri pentsatu behar dela, lurra zelan zaindu behar den, zelako garrantzitsua den gaineko kapa…
Hiru orduko ikastaro praktikoaren ostean, jendea «oso pozik» agertu zela azaldu dute antolatzaileek.