Lekeitioko Udalak 43 bandera jarri ditu udaletxean bandera espainola jartzeko jasotako behin betiko sententziaren ostean.
Gobernuaren ordezkariak 2011ko irailaren 13an egindako errekerimenduaren aurrean Udalak ezezkoa eman, eta abenduaren 18an heldu zitzaion bandera espainola jartzeko behin betiko sententzia. Agindu hori ez onartzeak udal ordezkarien inhabilitazioa ekarriko luke, besteak beste.
Sententzia horren aurrean, Bilduk eta udaleko hainbat zinegotzi ohik bultzatuta, Lekeitioko Udalak mozioa onartu zuen osoko bilkuran. Euren esanetan, «inposaketa» baten aurrean dago herria. «Gure herria ez da sinbolo arrotz honekin identifikatua sentitzen eta ikurrina da herri honek modu natural eta librean bere sentitzen duen ikurra», adierazi dute.
Lekeitioko EAJk kritika egin dio Bilduri bandera espainiarra jartzeagatik, lehen gauza berarengatik eurak «kritikatzen» zituztela salatuz. «Legea berdina da, udaletxeko zinegotzi postuak berdinak dira, udaletxea berbera da… baina gu traidoreak ginen eta beraiek heroiak eta martiriak izaten jarraituko dute», adierazi dute.
EAEn Espainiako Gobernuko ordezkari den Carlos Urkijok «iseka» moduan definitu du Lekeitioko udalak bandera espainiarra beste 43ren alboan jarri izana. «Gobernua ez da besoak gurutzatuta geratuko udal batzuek legea erridikulizatzen dutela ikusita».