Datorren zapatuan, martxoaren 30ean egingo da lehenbiziko bilera. Hasteko, portuaren gaiari lotutako talde antolatuekin batuko dira udal ordezkariak. «Haien interesak, ikuspuntua zein iritzia jasotzea da sektorekako bilera horien helburua», azaldu du Joseba Palenzuela alkateak. «Bilera horietatik jasotakoarekin udal egitasmoa osatzea da asmoa, eta gero herri agerpen zabala egitea».
Herri agerpen zabala apirilaren 17an egingo da, 19:00etan, Zabiel kultur etxean. «Portua eta bertan egingo dena ez da udalaren eskumena. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak herriaren nahia, asmoa eta gogoa zein den jakitea beharrezkoa dela uste dugu», nabarmendu du. «Horretarako, eta gure nahia kontuan hartua izatea eskatzeko, gure esku dagoen guztia egingo dugu». Proposamena gorpuzteko, portuko erabiltzaileekin bilerak egin zituen udalak. Gero, gaia hirigintza batzordean landu zuten.
Bestalde, San Pedro Kofradiako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bilera eduki zuten atzo.
BILERAK, EGUNEZ EGUN
Martxoak 30, zapatua, 10:30, Arku-Gain Elkartea. Arrantzale ohi zein aktiboekin bilera.
Apirilak 9, eguena, 20:00, Zabiel kultur etxea. Bertan Dendari eta Tabernari Elkartearekin bilera.
Apirilak 13, zapatua, 11:00, Zabiel kultur etxea. Portuko erabiltzaileekin bilera: arraun taldea, Kalatxori bela elkartea, Buceo Euskadi eta Alkolea-Intxirriko bazkideekin, besteak beste.
Apirilak 13, zapatua, 18:30, gaztetxea. Mutrikuko Gazte Asanbladarekin bilera.