Apirilaren 2a izango da udalak aukeratutako eguna. Orduan, oinezkoari lehentasuna eman, zirkulazioa arindu, aparkalekuak optimizatu eta gremioei lana errazteko plana abian jarriko da. Plan berria indarrean jarri aurretik, Gobernazio Batzordean landu dute eta zuzeneko eragina jasango duten eragileekin ere bilerak egin dira. “Eragileek egindako ekarpenei garrantzi berezia eman zaie”.
Ibilgailuei herrigunetik kanpo aparkatzeko alternatibak ere eskaini dizkie udalak: Santa Katalina komentu aurreko aparkalekuak txukundu eta aparkaleku gehiago egin zituzten, eta Fondaberrin, egunero ordu eta erdi doan aparkatu ahal izateko txartelak ere sortu dituzte. Txartela araudiarekin batera jarriko da indarrean. “Aurrerantzean herrigunean aparkatzeko aukerak egongo dira, baina, beti ere, oinezkoari lehentasuna emango zaio”, argitu du Joxan Agirregomezkorta Gobernazio buruak.
Zirkulazio planean agertzen diren xehetasunak argi azaltzen dituzten seinaleak jarri dira planak eragina zuen guneetan. Eta indarrean jarri bezain laster, Goiko eta Beheko plazetan aparkatzeko denbora muga errespetatu egin beharko dute herritarrek. “30 minutukoak izango dira geldialdiak, eta errespetatu ezean, neurriak hartuko ditugu udaltzainen bidez. Plazetan zamalanetarako guneak egongo dira, eta zapatutan, 11:00ak arte bakarrik egongo dira zabalik. Domeka eta jai egunetan, berriz, itxita egongo dira”. Gainera, Erdiko kalea aste barruan 11:00etatik aurrera itxi egingo da ibilgailuentzat. Txanbolingo biribilgunean guztiz debekatuta egongo da aparkatzea.
Herrigunean gelditzen diren zenbait aparkaleku zamalanetarako bakarrik izango dira, 08:00etatik 13:00etara; Kutxa eta Korreos parekoak, kasu. Beste zenbait, berriz, txandakako aparkaleku bihurtuko dira aipatutako ordutegian; eta gehienez, 30 minuturako erabili ahal izango dira. Horien artean daude Zubiaga plazako aparkalekuak, Kutxa aurreko aldean ilaran daudenak, ferreteria parean daudenak eta komentuko aparkalekuak.
Merkatu plaza aurreko aldean, berriz, 13:00ak arte, merkatu plazako saltzaileentzat bakarrik izango da. Arratsaldean, gainontzeko guztietan bezala, erabilera librea izango da. Gremioentzako baimen bereziak egongo dira. “Herrigunean lanean ari direnek Udalera etorri eta zertan ari diren azalduta baimenak eskuratuko dituzte”, azpimarratu du Agirregomezkortak.
Anbulatorioa eta Frontoi kalea
Anbulatorio zuzen-zuzenean herrian egon ez arren, bere inguruan dauden aparkalekuetan ere eragina izango du trafiko plan berriak. Frontoi kalean egingo diren aldaketek, berriz, bertan garajeak dituzten herritarrak udaletxera etortzera behartuko ditu.
Anbulatorio pareko aparkalekuak aldi baterakoak izango dira apirilaren 2tik aurrera. Anbulatorioa irekita dagoen artean, gehienez, 45 minutukoa izan ahalko da geldialdia. “Anbulatorioaren aurreko aldean gelditzen diren aparkalekuak medikuentzako erreserbatuta geldituko dira”, dio Agirregomezkortak.
Frontoi kalea, berriz, beheko aldetik itxi egingo da. Gontz edo pibota bat jarriko da, Zubiaga plaza eta Frontoi kalea batzen diren gunean. Bertan garajeak dituzten herritarrek udaletxera jo beharko dute, eta irten ahal izateko giltza emango zaie.