Bizkaiko udalerriek eta mankomunitateek ingurumena hobetzeko eta iraunkortasunerako proiektatutako 50 ekimen lagunduko ditu diruz Foru Aldundiko Ingurumen Sailak. 6.076.735 euroko inbertsioa eskatzen dute 50 proiektu horiek, eta aldundiak hiru milioi eurogaz lagunduko ditu. Tartean Lea-Artibaiko zortzi proiektu daude.
Jarduera-esparruka sailkatuta, 50 proiektuak sei arlotan bereiz daitezke: energia-efizientzia eta energia berriztagarriei dagozkionak (24 proiektu); mugikortasun iraunkorrari dagozkionak (zortzi proiektu); aisialdi-eremuekin eta ibilbide ekologikoekin lotutakoak (zortzi proiektu); hondakinen kudeaketari dagozkionak (bost proiektu); eta azpiegitura hidraulikoenak (sei proiektu).
Aldundiaren arabera, proiektu horiei esker «posible izango da herrietan energia aurreztea bultzatzea, CO2 eta kutsatzaile gutxiago isurtzea eta zarata gutxiago sortzea». Bestalde, lagundutako jarduerek sortuko duten «onura soziala» nabarmendu du. «Ingurumena zuzenean hobetzeaz gain, zeharka beste hobekuntza batzuk ere eragingo dituzte, esaterako, sozio-ekonomikoak».
Diru laguntzak, esparruka
- Energia-efizientzia eta energia berriztagarriak. Jarduera-esparru honen barruan Lea-Artibaiko bost proiektu lagundu ditu diruz aldundiak. Ondokoak dira laguntza jaso duten herriak: Ispaster, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Aulesti, Gizaburuaga eta Etxebarria.
- Mugikortasun iraunkorra. Bi herrik jaso dute arlo honi dagokion laguntza; Berriatuak eta Mendexak.
- Hondakinen kudeaketa. Ondarroak jaso du arlo honi dagokion laguntza.