Gora beherak eta aldaketak egon dira, baina hutsik egin barik agertu da betiko
Amets Txurruka. Sekulako
Euskal Herriko Itzulia egin du Caja Rural taldeko
txirrindulariak eta ondo merezitako
mendiko eta
tarteko helmugetako mailotak jantzi ditu
Etxebarrikoak.
Itzulia amaitu ostean, egun horien balorazioa egin du Txurrukak. Euskal Herriko Itzulia buruan, baina hurrengo lasterketei begira jarrita dago jadanik.
Itzelezko itzulia egin duzu. Zelan sentidu zara bizikleta gainean?
Ondo! Lehenengo egunetik ikusten nuen etapa amaierara itxarotea eta han burrukatzea baino niretzako hobea zela aurretik dena emotea. Horregatik, itzuli hasieratik ibili nintzen burrukan, eta hurrengo etapetan be ondo ibili naiz hainbat ihesalditan. Besteetan egin izan dudan antzerakoa egin dut, baina oraingoan, ondo atera zait itzulia. Penarik handiena Markina-Xemein eta Etxebarritik ihesean pasatu ezin izana daukat, baina, ze egingo diogu!
Esan duzu ez duzula besteetan beste arriskatu.
Lehenengo egunetik betiko legez burrukan ibili nintzen. Baina mailota ia-ia irabazita neukala ikusi nuenean, jaitsieretan hainbeste arriskatu barik ibili naiz. Horregatik galdu nuen erlojuz kontrakoan hainbeste denbora.
Zelakoa izan da aurtengo itzulia bera?
Gogorra, oso gogorra. Alde batetik ibilbidea bera zen sufritzekoa: igoera pilo bat, Euskal Herriko bide estuak… Lehenengo egunetik jarri zituzten igoera latzak. Horri eguraldi txarra gehituz gero, euria eta hotza, askoz txarragoa bihurtzen da egoera. Datuei begiratzea besterik ez dago: 200 txirrindularitik gora hasi ginen itzulian, eta 70 inguruk amaitu dugu.
Taldean zelan sentitzen zara?
Ondo. Azken batean taldea aldatu arren beharra antzerakoa da entrenatzeko orduan eta lasterketak egiterakoan. Inguruko jendea da aldatzen dena: taldekideak, entrenatzaileak, fisioterapeutak, medikuak… Giro ona topatu dut talde berrian eta segituan ohitu naiz. Taldekideekin be ondo konpondu naiz hasieratik.
Aurrera begira zer helburu dituzu?
Denboraldiaren lehenengo helburua Euskal Herriko itzulia zen. Orain, asteburu honetan, Gaztela-Leongo itzulira joango naiz. Gero, Italiara goaz, eta beste lasterketa batzuen ostean denboraldiaren lehenengo parteari amaiera emongo diogu. Hori eta gero deskantsutxo bat hartuko dugu Espainiako itzulia prestatzeko. Horiek dira gure taldearen hurrengo helburuak. Ea zelan joaten zaigun denboraldia.