Antzerkia, aktoreak, publikoa, eszenatokiak… Hori guztia eta gehiago bildu dute Aulestin ospatutako zortzigarren artedrama topaketek. Aulestiarrak, Lea-Artibaikoak, Euskal Herrikoak… Guztien presentziak gainezka jarri ditu udal aretoa eta frontoia. Arrakasta handia izan ohi dute topaketek, baina oraingoan, «ikaragarria» izan da erakarritako jendetza.

Haur, gazte zein heldu izan dira aurtengo topaketetan. Herritarrak «asko inplikatzen» direla azaldu du Ander Lipus aktore eta zuzendari markinarrak; «guretzat onuragarria da, eta nik uste dut herritarrek be sentitzen dutela onuragarria dela eurentzat», dio. Krisi garaia bizi arren, ekimena aurrera eroateko Aulestiko Udalak «esfortzu ikaragarria» egiten duela aitortu du. Udalaren konpromisoa ezinbestekoa dela gaineratu du, «bai azpiegiturak, bai formakuntza tailerrak bermatzeko egiten duen apustua, eta baita be emonaldiak aurrera ateratzeko jartzen duten dirua».
Bestalde, Bikaiko Foru Aldundiagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz bildu direla, eta iaz bezala, aurten be diruz laguntzea espero dutela azaldu du, bestela, «ez litzateke posible izango».
Komunikabideek egindako jarraipena be eskertu du Lipusek, batezbe, Berria egunkariarena. «Eguaztenean, esaterako, azalean agertu ginen, eta hori uste dut oso positiboa eta eskertzekoa dela, bai topaketentzako eta baita Aulestirentzako». Bestalde, domekan, Biba zorrixen izurritie! antzezlanaren kritika egin zutela gogoratu du. Markinarraren arabera, «ez da ohikoa antzerki talde amateur bati kritika egitea; normalean, esparru profesionalean mugitzen delako antzerkiari buruzko gogoeta».
Orain, zortzigarrenak utzitako zapore ona ahoan, bederatzigarren topaketak prestatzen hasteko asmoagaz agertu dira. «Ea hamargarrenera ailegatzen garen eta hortik hurrengoak».
ANDER LIPUS Aktore eta zuzendaria
Aulesti euskarazko arte eszenikoen topaleku garrantzitsu eta interesgarri bilakatu da. Hala dio Ander Lipus aktore eta zuzendari markinarrak. «Oso pozik» dira aurtengo topaketek izandako arrakastagaz.
Bukatu dira zortzigarren topaketak. Nolako erantzuna izan dute ?
Formakuntzari dagokionez, badakit ikasleentzako zoragarria izan dela eta guztia positibotzat hartu dutela. Oso intentsitate handiz hartzen dituzte ikasleek hainbeste ordutako ikastaroak. Gauza mordoa lantzen dituzte bertan: gorputza, ahotsa, eta, batez be, emozio piloa. Normalean, ikasleak oso gustura geratzen dira topaketekin, eta oraingoan be, hala izan da; asko ikasi eta esperientzi edarra bizi izan omen dute. Izan be, aukera hori izaten dute hainbeste egun eta ordutan eurek maite dutena lantzeko.
Antzerki emonaldiak be izan dira.
Inoiz baino publiko gehiago izan dugula azpimarratuko nuke herrira begira egin ditugun emonaldien inguruan. Hori edarra eta eskertzekoa da. Aulestiarren presentzia nabarmena izan da, baina eskualdetik bertatik eta eskualdez kanpotik etorritako jendea be izan da. Emonaldien lehenengo egunean, udaletxeko goiko aretoa gainezka izan zen, ez zegoen gehiagorentzako lekurik, eta hala izan da egun guztietan. Eguenean, eguraldia tarteko, frontoira joan behar izan genuen eta hori be gainezka jarri zuten. 250 bat lagunentzako harmailak jarri genituen eta 300 lagun baino gehiago bertaratu ziren.
Beraz, balorazio positiboa egiten duzue, ezta?
Gure aldetik oso pozik gaude, orain Aulestiko Udalagaz batera, balantzea egin beharko dugu, baina nik uste dut oso pozik geratu grela guztiok. Horrek indarra emoten du datorren urtean topaketekin jarraitzeko.
Artedrama laborategia Lea-Artibain bertatik bertara edukitzea nola baloratzen duzu?
Lea-Artibain, zorionez, euskara asko entzuten da; nik, behintzat, hala dela sentitzen dut. Aulestin zer esanik ez, goizetik gauera euskaraz bizi baitira. Ezinbestekoa da norbere sorkuntzarako edo gauzak aurkezterako halako herri euskadunetan ibiltzea. Antzerkizaletasun hori berpiztu dugu eta publikoaren aldetik erantzuna jaso dugu.
Euskara eta antzerkia lotzen ditu artedramak, hortaz.
Azken urteotako gure apustua euskal komunitateari gure lanak eskaintzea da. Lan oso ezberdinak egiten ditugu, batzuk formakuntzari lotuak, beste batzuk, ostera, topaleku edo jaialdi txikiak. Euskal geografian mugitzen gara; hori da gure esparrua eta hori nahi dugu indartu eta aberastu.