Emakume baten hilketa salatzeko elkarretaratzea egiteagatik, 1.200 euro
Lekeitioko Potxuak martxan taldeko lau kideri 1.200 euroko isuna jarri diete emakume baten hilketa salatzeko elkarretaratzea egiteagatik.
Orain dela hile batzuk Euskal Herrian emakume bat hil zutela eta elkarretaratzea egin zuten, horrelako zer edo zer pasatzen denean beti egiten den moduan. Lehenengo, arropak eskegi zituzten Eskolapean bertan, eta gero, elkarretaratzea egin zuten.
Elkarretaratzean zeudela ertzainak agertu ziren eta pankarta eusten zeuden lau laguni identifikatzeko esan zieten, elkarretaratzea «eskatuta ez zegoelako». Orduan, Potxuak Martxaneko kide batek azaldu zieten Lekeitioko Udalak protokolo bat daukala horrelako kasuetarako, eta elkarretaratzea egitearena bertan azaltzen dela. Horren aurrean ertzainak «berdin zaiola» esan zietela adierazi dute Potxuak martxanekoek, eta identifikatu ezean komisaldegira eroango zituztela. Orduan, lau lagunak identifikatu egin ziren.
Horren ondorioz, orain dela egun batzuk 1.200 euroko isuna heldu zaie, bakoitzari 300 eurokoa.
Horren aurrean, «salaketa»
Potxuak martxan taldeko kideek gogor salatu nahi izan dute jasan dutena. Alde batetik, isuna jaso izana salatu dute, eta bestetik, ertzainek eduki zuten «jarrera oldarkorra» be bai.
«Emakumeok jendarte matxista honek hiltzen gaitu eta ondoren poliziaren bidez ixilik eta kikilduta eduki nahi gaituzte», azaldu dute. «Sistema patriarkarraren zapalkuntza, eta doble zapalkuntza.
Gaineratu dutenez, Potxuak martxanek argi dauka emakumeren bat hiltzen duten bakoitzean kalera aterako direla eta emakumeen eskubideen defentsan borrokan jarraituko dutela.
Lekeitioko alkateraen azalpena
Maitane Larrauri: “Potxuak Martxanek berdintasun batzordean parte hartzen du eta batzordeak hitzarmena onartuta zeukan, baina batzordean onartu eta gero, plenora pasatu behar da. Oraindik ez da plenotik pasatu. Eurek pentsatuzuten guk eskatuko genuela, baina ez da horrela izan. Dena dela, isuna gehiegizkoa dela deritzogu eta uste dugu bertan behera utzi behar dela isun hori. Gainera, behin bakarrik gertatu da hau. Gertaeraren harira, Ertzaintzagaz jarri gara harremanetan eta azalpenak eman dizkiegu. Horretaz gain idatzi bat be egin eta Ertzaintzara bideratuko dugu. Idatzi hori Potxuak Martxanek egindako alegazioagaz batera aurkeztuko da. Momentuz erantzunaren zain gaude”.