
Marin (OPPAO), Azkue (Jaurlaritza), Ituarte (Ondarroako Udala), Palmero (FECOPE) eta Solabarrieta (Ondarruko Itsas Azokak Komisioa), gaur, Legatz Egunaren aurkezpean
Arrantza sektorearen inguruan elkarlana bultzatu, sektorea bera ikustera emon eta legatza sustatu. Hiru helburu nagusi horiek lortze aldera antolatu dute II. Legatz Eguna Ondarruko Itsas Azokak Komisioak eta OPPAOk, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskadiko Arranza Azokak elkartearen babespean.
Hitzordua: apirilak 20, zapatua.
Jaiak Ondarroak itsasoagaz daukan harremana azalera ekarriko du. Izan be, Ondarroa ez da ulertzen porturik barik, portua arrainik barik, eta arrainaren barruan legatzak daukan garrantzia «ezinbestekoa» da», atzo aurkezpenean Iñaki Solabarrieta Ondarruko Itsas Azokak Komisioko kideak gogora ekarri zuen legez. Haren hitzekin bat etorrita, etorkizunari ausart begiratzeak daukan garrantzia aitatu zuen Argia Ituarte alkateak. «Egiten dugunagaz lotuta dago arrantza, administrazioaren inplikazioagaz, gehiegizko arrantza saihestuz, sektoreko langileen lan baldintzak hobetuz, arrantzak aurrera egingo du». Bide horretan, Legatz Egunak Ondarroako kultura herritarrei zein bisitariei erakusteko balioko duela esan zuen alkateak, apirilaren 20a egun zoragarria izango den ziurtasunagaz.
Jaieguna bera ailegatu aurretik, hilaren 17an egingo da Legatz Eguneko lehenengo ekimena. 20:00etan hasita, Kofradia Zaharrean, Ohiko arrantza politikaren erreforma hitzaldian batuko dira sektoreko ordezkariak.
Zapatuak ekarriko du eskaintza handiena. 12:00etan hasiko da jaia, Likona Dorretik Itsasaurreraino. Ibilbideari jarraituta, zazpi erakustoki aurkituko dituzte bisitariek: saregileak, txalupen maketak, korapiloak egin eta amuak lotzen ikasteko tailerra eta OHZren postua. Iazko arrakasta ikusita, ez da faltako legatzaren izenak asmatzeko lehiaketarik.
Pintxoak be aukeran egongo dira, Alameda eta alde zaharrean ipiniko diren postuetan zein tabernetan, euro 1en truke.
Eta barrikuntza legez, herriko jatetxeetan, 16 eurotan, Legatz Eguneko menua dastatu ahalko da.
II. LEGATZ EGUNEKO EGITARAUA
Apirilak 17
20:00. Hitzaldia Kofradia Zaharrean: Ohiko arrantza politikaren erreforma.
Apirilak 20
12:00. Jaiegunaren hasiera.
-Erakustokien irekiera: saregileak, itsasontzien maketak, korapiloak egiteko tailerrak, OHZren postua, amuak lotzen ikasteko tailerra, lehen eta orain arrain kaxak zelan josten ziren ezagutzeko postua eta legatzaren izen ezberdinen lehiaketa egongo dira aukeran.
-Tabernetan legatz pintxoak.
-Postuetan legatza pla-pla.
15:00. Bazkaria herriko jatetxeetan Legatz Eguneko menu bereziagaz, 16 eurotan.
22:30. Capsula (David Bowieren bertsioak egiten dituzte) eta Piztiak Kafe Antzokian. Sarrera: 10 euro.