Ondarroa 2020 prozesua hasi da emaitzak emoten. Mahai sektorialen bilerak eginda, Ondarroak turismo, merkataritza eta arrantza alorrean etorkizunera begira dauzkan erronkak zehaztu ditu.
Turismoari eta merkataritzari dagokienez, herriko ondasun material eta materiagabeei balioa emon behar zaiela adostu dute parte-hartzaileek, hau da, ohiturei, monumentuei eta identitateari, besteak beste. Asmo hori gauzatzeko seinaleak ipintzea eta ibilbideak egitea proposatu dute herritarrek. Beste alde batetik,
garrantzitsutzat jo dute herrian bertan kontsumitzeko ohitura bultzatzea, eta horren harira, ostatuen eskaintza hobetzea ezinbestekotzat jo dute. Amaitzeko,
Ondarroaren irudia zaindu beharra nabarmendu dute bileretan, bai marketing irudi bat sortuta, bai herriaren irudi fisikoa –garbitasuna, estetika– zainduta.

Prozesuaren bigarren tandako bilera bat
Ondarroa marka
Arrantzaren premiei dagokionez, eragileei garrantzitsua irizten zaie
«ahots bakarragaz» erakunde publikoei eskariak egitea.
Lonja baten premia be nabarmendu dute, dagoen zerbitzua hobetu eta kanpoko itsasontzi gehiago erakartzea helburu. Gainera, lonja barri hori herriko paisaiara egokitutakoa izan beharko litzatekeela uste dute sektoreko kideek,
eta turismoagaz be lotura eduki beharko lukeela. Horren arabera, posible izan beharko litzateke bertara bisitak egitea, arrantzaren prozesuak ezagutu ahal izateko. Hori ez eze,
Ondarroak eta bere produktuek marka bat edukitzea nahi dute sektoreko eragileek, eta ez hori bakarrik. Marka hori ondo saltzen jakitea beharrezkoa irizten zaie. Modu berean, gazteak arrantzara hurreratzearen garrantzia azpimarratu dute batzarretan, «baldintza egokietan lan egingo duten kooperatiben bidez», adibidez. Azkenik, portua beste sektore batzuetako enpresen kokaleku bihurtzea be aitatu zuten bertan gunean beharra egiten dutenek.
Ondarroako Udalak jakitera emon duenez, herritar guztiei zabalik egindako hirugarren batzarrak aurreko bi bilerek esandakoa sendotu zuen: arrantzak etorkizunik edukiko badu, beharreko baldintzak hobetu egin behar direla eta arrainaren eraldatzea herrian bertan egin behar dela.
Bestalde, portuak beste jarduera batzuetarako daukan potentzialtasuna agerian geratu da bileretan, turismoa eta industria kasu. Horren harira, herriaren potentzial artistikoa eta zientifikoa bultzatu beharra dagoela ikusi da, eta herriko eragile guztiak gitxieneko helburu komun batzuetan ados ipini beharra.
Prozesuaren hirugarren tanda martxoan egin zen. Bertan herritarrek oraingo egoerari buelta emoteko eta helburuak lortzeko ekintza zehatzen plangintza egin zuten.