4.300.769,17 euroko aurrekontua onartu du udalak 2013rako
Markina-Xemeingo Udalak 2013ko aurrekontuak onartu ditu. Aurten, 4.300.769,17 euro edukiko ditu udalak bere beharretarako. Halanda be, gehienez, 4.484.694,59 euro gastatu ahal izango dituzte. Aurrekontuak osoko bilkuran onartu zituzten Bildu eta Aralarren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen.
2012ko aurrekontuaren likidazioa positiboa izan da, eta diruzaintza soberakinean, danera, 1.620.048,82 euro geratzen dira. «Diru horretatik udala behartuta dago kantitate bat atal batzuetara bideratzera», azaldu dute. Batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak Barroetako zubia egiteko emandako 550.000 euroak ezin dira beste ezertan gastatu. «Gure nahia egitea den arren, momentuz ezingo da zubia egin beste arrazoi batzuengatik», azaldu dute. Bestetik, langileen aparteko ordainsarirako 68.923,65 euro dituzte gordeta, momentuz ordaintzea debekatuta egon arren.
Horrela, udalaren superabita 612.564,02 eurokoa da. «Madrilgo gobernuaren lege baten ondorioz, diru hori udalak daukan mailegua ordaintzeko erabili behar da, eta hori egingo da», diote. Horrela, 341.150,13 euro geratuko lirateke soberan, 2013ko aurrekontura gehituko zaizkienak. Dena den, diru horretatik 183.925,42 euro bakarrik dira erabilgarriak, gastatu ahal dena baino gehiago delako osorik hartuta.
2013ko aurrekontuak bideratzeko orduan hainbat proiektu lehenetsi ditu Markina-Xemeingo Udalak urte honetarako. Alde batetik, berdintasun arloan inbertituko du udalak, eskoletarako bideratutako hezkidetza planekin. Bestetik, Euskararen Plan Estrategikoa eta Udaleko Erabilera Plana be egingo ditu.
Herriko taldeen diru laguntzak zertxobait jaitsi arren, ekintzak mantenduko dituzte. «Udala talde gehienekin alkartu da euren premiak jasotzeko, eta horiekin ari gara beharrean», diote. Ortu publikoetarako be diru partida bat bideratuko du Udalak.
Hirigintza alorrean egingo duten inbertsiorik handiena Turu pareko espaloiarena izango da. Agenda 21etik dirua jasotzeko asmoa zuten arren, ez dute ezer jaso. «Herriko sarreran espaloia egiteko premia dago, eta dirurik jaso ez arren aurten egingo da».
EAJk hiru arrazoi emon ditu abstentziorako: Barroetako zubirako partida bat ez gordetzeagatik, ikastetxe pribatuei dirurik ez bideratzeagatik eta komunikabide pribatuei bideratzeagatik.