Momentu honetan lau nomina eta erdi dauzkate TMAko langileek kobratzeko. Maiatzaren 1ean bostgarren nominara helduko dira.
TMA enpresa beste enpresa bigaz batu zen arazoei aurre egiteko: Laserlan eta Treneka enpresekin. Izan be, uste zuten hiruren artean bat eginda aukera gehiago edukiko zituztela aurrera egiteko. Arazoekin jarraitzen dutenez, bihar, Laserlan enpresako 28 langileak gehituko dira grebara.
Itxura denez, enpresa saldu egin dute eta orain aldaketak egon dira enpresan. «Baina guk soldatak kobratu barik jarraitzen dugu», diote langileek.
Guzti honetan enpresaren partetik «informazio falta itzela» egon dela be salatu dute.
Grebaren helburua soldatak erregulatzea dela diote, baina baita Lea-Artibaiko jendeari egoeraren barri emotea be.
«Langile bakoitzaren atzean bizitza oso bat dago», diote. «Hipotekak dauzkagu ordaintzeko, umeak jaten emoteko, etxe bakoitzean dauden arazoak… ezin genuen horrela jarraitu eta azkenean grebara jo dugu», diote
TMAko langileek jakin eragin dutenez, kate luzea dauka arazo honek. «Ez da oraingo kontua, urte bi daroaguz soldatak kobratzeko arazoak edukitzen», diote grebalariek.
Urte horietan, gainera, EEE (Enplegua Erregulatzeko Espedientea) bi eduki dituzte: Lehenengoa 2011ko urrian, eta bigarrena 2012ko martxoan. «Biak izan dira gogorrak», adierazi dute. «Egutegirik barik funtzionatu dugu, oraintxe hiru egun beharra topera, hurrengo lau egun etxean… gora behera handiekin», diote.
Iazko uztailean negoziaketa bat egin zuten enpresagaz. Orduan jaubeek «ahalegin bat» egingo zutela esan zuten. «Baina orain, urte erdi beranduago, egoera bera da» gaineratu dute greban dauden langileek.
Greba mugagabeari ekin ostean, TMA-ko langileak bihar Markina-Xemeingo azokara joango dira, han be herritarrek arazoa «ikus» dezaten.
Gainera, aurrera begira ekimen gehiago egingo dituztela aurreratu dute.
«Egingo dugun dena asanbladan erabakiko da», diote langileek. «Hemendik aurrerako pausu guztiak langileon artean erabakiko ditugu, eta arazoa konpondu arte jarraituko dugu beharrean», diote.