Diru-laguntzen deialdia berrikusi dute Ondarroako kultur taldeek
Kulturako diru-laguntza deialdiaren oinarriak eraberritu zituen Ondarroako Udaleko Kultura Batzordeak iazko urtean, eta aurten beste ikutu batzuk emon dizkiete, herriko hainbat taldetako ordezkariek osatutako lantaldeak egindako proposamenari jarraituta.
Asko izan dira egin dituzten aldaketak. Nagusienak hurrengoak izan dira: zeharkako gastuei 500 euroko muga ezarriko zaie; euskararen erabilpenaren balorazioa bi puntutik bostera igo da; genero berdintasunaren trataera bi puntutik hirura igo da; elbarritu eta ezinduei leku berezia gordetzeari bi puntuko balorazioa emon zaio; ekintzaren planifikazio eta kronogramari zegozkien hamar puntuak kendu egin dira; justifikazio txostenari ekintzaren balorazioa egiteko orri bat gehitu zaio. Gainera, onartutako diru-laguntzaren likidazioa balorazioan lortutako puntuazio barrira egokituko da.
Deialdi berezia ikastaroentzat
Beste alde batetik, ikastaroak ohiko kultur diru-laguntza deialditik kanpo gelditu dira, horietarako 7.000 euroko deialdi berezia egingo da-eta. Eskolako orduetan egiten diren ekintzentzat eta hezkuntza arloko jarduerentzako diru-laguntza deialdi bereziak egingo dira udal hezkuntza batzordetik, eta ondorioz, horiek be kultur deialditik kanpo gelditu dira. Esleitutako diru laguntzaren kopurua 45.000 eurokoa izango da.
Taldeei erraztasunak emon asmoz, eskakizunak eta justifikazioak egiteko orri solteak txosten bitan bateratu dira, eta horiek betetzeko prozedurak erraztu egin dituzte.
Herriko zazpi taldek hartu dute parte diru-laguntzen deialdia birmoldatzeko egin diren batzarretan: Akordeoi Taldeak, Dantzartek, Dzanga Jaixeta taldeak, Kantaize Orfeoiak, Kresala Kultur Elkarteak, Txirrimorraskik eta Unanue Kamara Koralak.