Ziortza-bolibarko Herrirak egun osoko egitaratua antolatu zuen atzorako, elkarlanean sortu duten Elkartasun Egunerako.
Goizetik arratsaldera arte, herritarrek hainbat ekimen antolatu zituzten euskal presoen herriratzea eskatzeko.
Umeentzako tailerrekin hasi zen eguna. Ostean, 12:00etan, kalejira burutu zen trikitilariekin euskal preso eta iheslariak herriratzeko eskaria eginez.
Ekitaldia egin zen horren ostean. Amaieran, errepresaliatuen senideei aurreskua eskaini zieten. Argazkia atera zen gero Andoni Lariz herriko presoaren urtebetetze eguna zela eta.
Jarraian, frontoiko horman Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira jartzen duen plaka bistaratu zen, bertaratutakoen txalo artean.
151 pertsonak parte hartu zuten elkartasun eguneko bazkarian. Bertan, Andoni Larizek kartzelatik idatzitako gutuna irakurri zen. Bazkalostean Lorea, Ane eta Janirek kantaldia eskaini zuten. Ostean, idi proba egon zen. Zubibarri aritu zen bere idiekin.
Ziortza-Bolibarko Herrirak adierazi duenez, herritarrak «burubelarri» ibili dira Elkartasun Egunaren prestaketan, beharrean. «Hainbat pertsonak elkartasuna adierazi dute Elkartasun Egunean parte hartuz edo beste modu batzutara eta eskerrak emon nahi dizkiegu danei» esan dute. «Danon artean indarra eginez ekarri behar ditugu preso eta iheslariak herrira», gaineratu dute.