Aurrekontuekin zor bizia jaisteko helburua du Mutrikuko Udalak
Zor bizia %91,6ra jeistea izango du helburu 2013ko aurrekotuetan Mutrikuko Udalak . Udalak ezarritako helburua betez gero, azken bederatzi urteetako zor bizi baxuena izango dutela azpimarratu du Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak.
Joan den urtean bi lorpen ekonomiko garrantzitsu lortu zituztela adierazi du Palenzuelak. Alde batetik, Udalaren zor bizia %118tik %106 jeitsi dute aurreko urtean. Beste alde batetik, aurrekontuko betebehar guztiak erantzun ondoren, 240.000 euroko gerakin positiboa lortu du Mutrikuko Udalak.
Herriko ekonomia onbidean jartzea izan dela eta dela udalaren erronka azaldu du Joseba Palenzuela alkateak. Bide horretan lehenengo urratsak eman dituztela eta 2013ko aurrekontuetan be horretan jarraituko dutela jakinarazi du Palenzuelak.
Horrez gain, 2012 urtea galerarik barik amaitzeak, aurtengo aurrekontuak zerotik abiatzea ahalbidetu duela esan dute. Hori dela eta, aurtengo aurrekontua 5.484.217,76 eurokoa izango da. Horren harira, aurten be emaitza positiboa izatea lortu gura du Mutrikuko Udalak.
Lan ildo nagusiak
Herringintza, hirigintza, politika soziala eta garapen sozio-ekonomikoa izango dira aurtengo aurrekontuak biltzen dituen lau arlo nagusiak.
Herrigintzari dagokionean, udalak 47.000 euro bideratuko ditu herritarrek egindako eskaerei erantzuna emateko. «Sarri obra txikiak izaten dira; baina herritarren eguneroko bizitzan eragin nabarmena duten kontuak dira, eta horregatik eman nahi diegu garrantzi berezia» esan du alkateak.
Hiringintzan berriz, irisgarritasunari lehentasuna eman gura dio Udalak eta horretarako 16.000 euro bideratuko ditu.
Politika sozialaren alorrean, behar gehien dutenei laguntzea izango da udalarentzat betebehar nagusia. Hori dela eta, irisgarritasun arazoei erantzuteko ekainetik aurrera mikrobusa martxan jarriko dutela aurreratu du Mutrikuko Udalak.
Azkenik garapen sozioekonomikoari dagokionean, etorkizuneko oinarriak jartzeko lanean jarraitu nahi du Udalak. Horregatik, merkatu plaza eraberritzeko 73.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusten du Udalak. Horretarako, beste erakundeen laguntza lortu dutela adierazi du Udalak. Horrez gain, herriko sektore ekonomikoak sustatzeko eta bultzatzeko 60.000 euro gehiago bideratu dituzte Mutrikun.
Aurten iaz baino diru gehiago
Aurrekontuetarako finantzazioa bi iturri nagusitatik jasotzen du Mutrikuko Udalak. Alde batetik, Udalen Finantziaketarako Foru Funtsetik eta beste alde batetik, udalak kudeatzen dituen zerga eta tasetatik.
Zerga eta tasen bitartez, aurten iaz baino diru gehiago jasotzea aurreikusten du Udalak.
Zergen kasuan, 1.084.800 euro biltzea espero du Udalak , iaz baino 86.400 euro gehiago hain zuzen be. Tasei dagokionean, 2012an 776.661 euro bildu zitzuten eta aurten 857.138 euro jasotzea aurreikusten dute.
Diru iturri hauen igoera ulertzeko, Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) igoera eta zerga-erroldak eguneratzen Udalak egindako lana dira kontuan hartu beharrekoak. «Udalarekin ditugun betebehar fiskalak mutrikuar guztiok bete beharrekoak dira. Batzuk ez ordaintzeak besteengan jartzen du zama. Egindako ahaleginak hori zuzentzeko balio izan du» adierazi du alkateak.
Foru funtsak bere aldetik, aurrekontuaren erdia osatzen du: 2.676.000 euro.