Terrazetan musika aparatuak jartzea debekatu nahi du Ondarroako Udalak
Ondarroako Udalak tabernetako terrazetan musika aparatuak ipintzea debekatzen duen ordenantza onartu du, behin behinekoz. Besteak beste, ordenantza barriagaz, udalak iazko udan tabernen eta bizilagunen artean gertatutako arazoei irtenbidea emon nahi izan die. Udalak ordenantza jendaurrean jarri du ikusgai eta alegazioak aurkezteko epea zabalik dago. Alegazioa jarri nahi duenak Bizkaiko Aldizkari Ofizialen argitaratu ostean 30 eguneko epea izango du. Behin epe hori amaitu eta gero, ordenantza behin betikoz onartu beharko dute udal ordezkariek osoko bilkuran.
Soinu iturriak debekatuta
Aurreko udan bizilagun eta tabernariekin izandako arazoak konpondu guran, terrazetan soinu iturriak, telebistak aparailuak, zuzeneko musika… terrazetan jartzea debekatu du udalak, beti ere, tabernariek horretarako baimen berezia eskatu ezean.
Iera Larrinaga Hirigintza zinegotziak azaldutakoaren arabera, aurreko ordenantzan gai hau ez zegoen landuta. Hori dela eta, ordenantza berrirako antzeko herrietan dauden ordenantzetan oinarritu da Ondarroako Udala.
Gauetan ordutegi zabalagoa
Terrazetako itxiera ordutegia be zehaztu dute behin behinekoz onartu duten ordenantzan. Orain arte gaueko hamaiketan izan dute itxiera ordua baina orain, udara bitartean asteburu eta jai egunetan gaueko hamabiak arte egon ahal izango dute zabalik. Andra Marietan berriz, gaueko ordu biak arte luzatu du ordutegia.Ordenantza honen bitartez oinezkoen pasabideak errespetatzea nahi du udalak. Horregatik larrialdietako pasabideak, oinezkoen pasabideak, etxeetarako sarrerak… babestu nahi ditu eta hauen aurrean terrazak jartzea debekatu du.
Azkenik, arau hausteak be zehaztu dituzte. «Lehengo ordenantzan oso gainetik zehaztuta zeuden eta orain arau hasute arinak, larriak eta oso larriak definitu ditugu» Azaldu du Hiringintza zinegotziak.