54.000 eurogaz lagunduko du aldundiak Simon Bolivar Museoa
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak museoen jarduna bultzatu nahi du, eta, hori dela eta, Bizkaiko museoei laguntzak emote aldera, zazpi dekretu onetsi ditu. Hain zuzen, 2013. ekitaldian Simon Bolivar Museoko zenbait jarduera finantzatzeko aldundiak 54.000 euroko dirulaguntza emongo dio Ziortza-Bolibarreko Udalari.
Hainbat jarduera antolatuta
Hala, dekretu horien bitartez, ekitaldi honetan partzialki finantzatuko ditu museoek programatutako jarduerak; besteak beste, Simon Bolivar Museoak antolatutakoak. Izan be, hainbat ekitaldi antolatu ditu 2013. urteari begira; hala nola, hil honetan Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko du museoan bertan, eta uztailean,ostera, Simon Bolivar jaio zen eguna gogoratzeko ospakizunak antolatu dituzte. Urrian, barriz, Ondareari buruzko Europako Jardunaldietan parte hartuko du museoak.
Guztira, 5.012. 621 euroko laguntza emongo die Foru Aldundiak Bizkaiko zenbait museori: hain justu, Ziortza Bolibarko Simon Bolivar Museoari, Boinas La Encartada Museoari, Bilboko Euskal Museoari, Guggenheim Bilbao Museoari, Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoari, Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoari eta Bilboko Berreginen Museoari.