“Gora beheratsua, emozioz betetakoa eta hunkigarria”. Berba horiekin deskribatu zuen atzo Urtza Alkortak Ondarroan bere atxiloketa saihesteko egindako ekimena. Ehunka herritarrek Alameda bete zuten eta lurrean jarrita, desobedientziaz erantzuteko jarrera aldarrikatu zuten.
10:00ak aldera hasi ziren herritarrak Alamedara gerturatzen. Eguna nola amaituko zen ez bezekiten ere, “gogotsu” agertu ziren herritarrak plazara. Helburua bakarra zen: “modu baketsuan”, Urtza Alkorta ondarrutarraren atxiloketa saihestea.
Orduak aurrera egin ahala, jende multzoa handitzen joan zen, eta herri harresia deituta zegoen ordurako, ehunka ziren Alkortari babesa adierazteko prest zeudenak.
Alkorta agertu aurretik, asanblada txikia egin zen Alamedan bilduta zeuden guztiekin. Horretan jarraitu beharreko irizpideak zehaztu zituzten herritarrek. “Erresistentzia baketsua da bidea, eta hori egingo dugu”.
Agintari politikoak eta hainbat eragiletako ordezkariak ere gutxinaka agerntzen joan ziren Ondarroako Aske Gunera. EH Bilduko Maribi Ugarteburu eta Unai Urruzuno izan ziren lehenak agertzen. Atzetik Lea-Artibaiko LAB sindikatuko ordezkariak, Eleak mugimenduko bozeramaile Txerra Bolinaga eta Ondarroako zein Mutrikuko alkateak agertu ziren, Argia Ituarte eta Joseba Palenzuela, hurrenez hurren.
Argibideak eman ostean, eta agintariak han zeudela, Alkorta agertzeko unea heldu zen. Plaza erdian pasilloa egin, alde batera eta bestera begiratu eta ingurua “garbi” zegoela egiaztatu ondoren, Urtza Alkorta Alamedara agertu zen, herritarren txalo zaparrada artean.
Musuak, besarkadak eta animo eta maitasun hitzek egin zioten ongi etorria Alkortari. Bi egun desagertuta egon ostean, Alkortak beste behin ere herritarren babesa somatu zuela azaldu zuen. Momentu hunkigarria izan zen. Ostean, ekimenari hasiera emateko momentua heldu zen: herri harresia eraikitzeko unea.
Alkorta izan zen lehena behegainean jartzen. Atzetik ordezkari politikoak jarri ziren. Eta berdin egin zuten inguruan zeuden beste ehunka herritarrek ere. Minutu baten Alkorta inguratuta geratu zen.
Herriko bertsolariek herria berarekin dagoela adierazi ostean, Ondarroako Alamedak zegokion kolorea hartu zuen, Aske Gunearen kolorea, laranja, alegia. Kamisetak soinean zituztela, zain egotea baino besterik ez zuten eduki han bildutakoek.
Urduritasun, ezjakintasun eta ezinegon sentsazioek bat egin zuten orduan. Baina Alkorta ez zen isilik geratu. Bozgorailua gerturatu zioten, eta mezu argia eta zuzena emateko erabili zuen ondarrutarrak: “hauxe da bidea, konponbide garaia da, eta aurrea egingo dugu!”. Hitz horiekin inguruan zituenen animoak goratu zituen Alkortak.
Alarma gorria
Behegain hotza somatu aurretik, ordu bat baino tarte txikiagoan, alarma piztu zen. Turrunak herria eta herritarrak alertan jarri zituen. Ziztu bizian, lurrean eserita zeuden guztiak, Alkorta tartean, zutik jarri eta Alamedako zubirantz abiatu ziren. Alkorta zubi erdian ipini zen, eta alde batetik eta bestetik, herritarrek zubi osoa hartu zuten. Momentu baten, ondarrutarrek euren marka berria sortu zuten, herri harresia egitetik zubi harresia egitera pasatu ziren.
Bozgorailuek behin eta berriz hasiera bateko argibideak jarraitzeko ohartarazten zuten bitartean, zubian batuta zeudenak alde batea eta bestera begiratzen zuten. Ertzaintza nondik agertuko zain.
Bozgorailuen hotsak barriro ere tentsio unea eten zuen. Alarma faltsua.
Hasiera bateko postuak hartzeko eskatu zuten Aske Guneko koordinatzaileek. Beste minitu bat eta zubia hutsik geratu zen, Alameda berriz, beteta. 14:15ean plaza berriro ere laranja kolorez tintatu zen.
Tentsio uneak albo batera lagata, hurrengo orduak normaltasunez igaro ziren. Eguneko egitarauak bere horretan jarraitu zuen. Eguzkiaren argia joan zenean ere, gauzak ez ziren aldatu, Alameda gero eta jende gehigok betetzen zuen eta herritarren indarra hazten zihoan.
Hitzaldia, musika emanaldiak eta bestelako ekimenak tarteko, Alameda kolore laranjaz jantzita esnatu da gaur ere.