Konponbidea lortu arte segiko dute TMAko langileek
Jendeak erantzun ederra emon zuen zapatuan Markina-Xemeinen Talleres Mecanicos Arakistaingo langileek deitutako manifestazioan. Markina-Xemeingo kaleetatik pasatu zen manifestazioa lehenengo, eta zelai ingurura joan zen gero. Manifestazioagaz arazoa «agerian» geratu dela azaldu dute. «Gatazka ez dago konponduta, eta hori kaleratzea zen gure helburua», adierazi dute. Kalera aterata, jenderaren babesa sentitu dutela gaineratu dute, eta horrek asko pozten dituela. «Aurrera egingo dugu konponbidea bilatu arte», diote. Konponbide horren bidean asteon enpresagaz batzar bat hitzartu nahi dutela adierazi dute LAB sindikatuko kideek. «Beste ahalegin bat egingo dugu gatazka honi irtenbidea emoteko», diote. Erakundeen bidetik be jo dute TMAko langileek. Horren emaitza izango da eguenean Etxebarriko Udalak egingo duen ezohiko osoko bilkura. «Mozioa sartu genuen udalean, eta onartu egin dute», azaldu dute. 21:00etan izango da bilkura. Bestetik, lan ikuskaritzan salaketa sartu zuten Treneka enpresakoak TMAko instalazioetan sartu zirelako beharrera. Horren aurrean LAB sindikatuko ordezkariek adierazi dute lehengoan ikuskatzaile bat joan zela, eta pieza batzuk enpresatik atera zirela ikusita, akta jaso zuen. Gertatua «onartezintzat» jo zuen. Atzo goizean egon zen beste ikuskari bat, eta Trenekakoak TMAko instalakuntzetan ikusi zituen. Hori aztertu eta baloratu egin behar du orain ikuskatzaileak. Langileek ostera be berretsi dute: «Greba mugagabean jarraituko dugu gure soldatak ordaindu arte».