4. eguneko kronika: “Alarmaz alarma, egunez egun”
Nekea, ahulguneak, minak… Egunak aurrea doaz eta etsipen sentsaziorik ez badago ere, bistakoa da ondarrutarren eta kanpotik etorritakoen sufrimendua. Irribarrez diraute denek, baina barren-barrenean, eusten daude. Aske Gunearen filosofian sinisten dutelako, eusten. Gaur bosgarren eguna beteko du Ondarroako Aske Guneak.
Gau bizia izan zen herenegungoa. Ertzaintzak hiru aldiz bisitatu zuen Aske Gunea. Eta hiruretan argazki bera topatu zuen: herritar andana zubi harresia eraikitzen eta askatasunaren alde oihukatzen.
00:00etan izan zen lehenengo bisita. Ustekabean. Suziriak, turruna eta txistuak izan ziren orduan alarma piztu zutenak. Plaiko Zubiaren gainean hamabost minutuz egon eta gero, bozgorailuek “alarma faltsua” esan zuten. Herritarrak berriro Alamedara jaitsi ziren.
Hotz egiten zuen, baina lehenengo mugimenduak han batutakoak zertxobait esnatu zituen. Oraindik goiz zen.
02:00etan berriro ere mugitzeko deia zabaldu zen. “Badatoz!”. Oraingoan motelago egin zuten zubirantz herritarrek. Baina Ertzaintzaren furgoiak ikusteaz batera, harresia di-da eraiki zuten. “Oraingoan arin etorri dira!”, komentatu zuten herritarrek zubian, harresia egiten zuten bitartean. Alarma faltsua hori ere.
Dardarka. Goitik behera jantzita, zubitik jaitsi berri, nork bere lehengo postuak hartu zituen.
Isilunea egin zen bat-baten Aske Gunean. Lehenengo alarma faltsuak herritarren aurpegian irribarrea marraztu bazuen, bigarrenean aurpegiak ez ziren hain onak. Nekea eta amorrua marrazten zen aurpegietan. “Noiz etorriko dira?” behin eta berriz entzuten zen.
Berriro sakuak hartu eta epeltasunean sartzen saiatu ziren Alamedan bildutakoak.
04:00ak puntuan. Ez suziririk, ezta bozgorailurik… “Hemen daude!” oihu egin zuten eta txistuka, ahal zuenak ahal zuen moduan, zubirantz egin zuten herritarrek. Bai, gainean zeuden. Baina zubi harresia segituan eraiki zuten. Martxa hartuta daukate dagoeneko.
Txistu hotsen artean, Ertzaintzaren furgoiak etorri ziren bidetik joan ziren. Berriro alarma faltsua.
Donostian egin modura, Ondarroan ere berdina egiten zebiltzala esan zuten batzuk. Beraz, horren arabera, 06:00etan izan behar zen hurrengo eta azken alarma.
Seiak. Eta hamar, eta laurden,…Ezer ez. “Ez datoz”. Goibel, deskantsatu gabe. Gaueko azken orduak luze jo zuten. Eta ez zen alarma gehiagorik egon.
Eguna egin zuen, eta Aske Guneak laugarren eguna hasi zuen, atzokoa. “Madrileri men egitea da euren jarrera. Operatiboki egokia den unearen zain daudela diote. Suposatzen dut ahultasun unea topatzen ari direla. Baina ez dute topatuko. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik zenbat jende etorri den ikustea harrigarria da”, esan zuen Urtza Alkortak.
Baina Aske Guneak beti dauka mezu baikorren bat. “Zorionak! Ondo ari gara! Laugarren eguna da eta guneak bizirik dirau!”. Bozgorailuek magia egiten dute horrelako mezuak zabaltzen.
Gaueko komeriak ahaztu gabe, baina umorea berriro soinean jantzita, beste egun bat pasatzeko indarrez bete ziren herritarrak.
Eguzkiaren lehenengo izpiak Alameda argitu zutenean, eguneroko eginbeharrak abian jarri ziren.
Eta indar horrekin egin zen 11:00etan elkarretaratzea eta 12:00etan prentsaurrekoa. Horretan, oraingoan Urtza Alkorta izan zen ahotsa hartu zuena. “Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari Ondarroara etorri eta berba egiteko gonbidapena luzatzen diot. Atxiloketa egiteko momentu egokiaren zain daudela diote. Bada, bizi garen garai berri hauetan, atxiloketak egiteko ez dago une egokirik”.
Bertsolariek (Igor Elortza eta Arkaitz Estiballes), musika talde ezagunek (Su Ta Gar) eta ikastaro ezberdinek girotu zuten arratsaldea.
20:00etan ezohiko osoko bilkura egin zen udaletxean. Eta oro har, eguna ezusteko barik amaitu zen.
Fisikoki ez bada ere, Alkortak psikologikoki indartsu dagoela esan du. “Maila pertsonalean oso pozik nago herriarekin nagoelako, baina ez daukat kartzelara joateko gogorik. Ikusiko dugu ni eramatea lortzen duten”.
Helburuak markatuta, Ondarroak Alkorta eta Aske Gunearen filosofia babesten jarraituko dute, inongo baldintzarik gabe.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.