Lekeitioko Udala komunikazio sistema osoa berregituratzen ari da, orain arteko irudi eta baliabideek berrikuspena behar zutelako. Helburua, komunikatzen dena modu ordenatu eta garbian aurkeztea da.
«Irudi bateratua eta eraginkorra eskaini nahi da», diote udaleko ordezkariek.

Logotipo eta markak berrordenatu eta
hiru ardatz nagusitan ordenatu dira: udal marka, kultur marka eta turismo marka. «Hiru marka horien arabera antolatuko da udal komunikazioa», diote.
Sortutako lehenengo marka
turismorako erabiliko dena da. Marka hori ez da guztiz berria, orain arte be erabili dira-eta turismo markak. Barriagaz, «beste dimentsio eta esanahi bat» emon nahi izan diote.
Lekeitio, Bizkaiko Harribitxia sortu da turismo markatzat. «
Bizkaiko Harribitxia izenagaz ez dio bakarrik Bizkaiari begiratzen, Bizkaiko Golko osoari baizik, Lekeitio gordeleku eder eta paregabea delako Europako Atlantiko osoan», adierazi dute. «Bizkaiak marinelak dakartza gogora, baleak eta ternua, merkatari eta ontzigileak…», gaineratu dute.
Sortu den bigarren marka
kultura arlokoa izan da. «Lekeition dagoen kultur mugimendua berezkoa da», adierazi dute udaletik. «Hori indartu eta ikusgarri egitea ezinbesteko beharra da», diote.
Kultur Kaia izango da hamendik aurrera Lekeitioko kulturgintza ordezkatuko duen marka. «Asko eskatzen diogu marka honi be: munduan gertatzen dena ekarri eta guk egiten duguna munduratu nahi dugu, ezagutza, aniztasuna eta gozamenaren izenean», diote udal ordezkariek.
Marka horrek bigarren helburua be edukiko du: «neguko turismo marka» izan nahi duelako. «Bisitariak eta mozkinak ekar ditzan nahi dugu», diote.
Hirugarren marka
udalarena berarena da, udalaren eta herritarren arteko «konpromisoa» isladatu nahi duena. «Denok jakin behar dugu zertan ari garen, zein den gure jomuga», diote.
Barruan hazi marka jarri dute udala plazaratzeko. «Krisi garaian barruan haz gaitezkeela uste dugu», diote. Horretarako, tresnak barruan eta auzolanean topatu nahi ditu, «elkartasunean edo berezko dugunean» hazi.
Markaren iruditzat sarea josteko orratza erabiliko dute, «udala tresna» bat da-eta. «Herria osatzen dugunok sarea josteko tresnak herrian dauzkagula aldarrikatu nahi dugu», azaldu dute.