Edertze Plana prest daukate Basquetourrek eta udalak. Planaren helburu nagusia jomugek eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetzea eta sendotzea da.
Edertze Planak, azken batean, «anfitrioi onak» izateko eta horrela jarduteko helburua dauka, turismo jomuga bakoitzaren nortasunaz eta berezitasunaz baliatuz, jomugen edo destinuen apaindurarako praktika egokiak erabiliz, eta beti herriaren nortasuna mantenduz.
Eusko Jaurlaritzak 10.000 euro inbertitu ditu Mutrikuko plana egiteko. Diru horrekin Basquetourrek plana ordaindu eta landu egin du, kontratatutako enpresa baten laguntza teknikoarekin eta udal teknikari eta agintarien laguntzarekin.
Elkarlana, ezinbestekoa
Egindako diagnostikoaren arabera,
Mutrikuk turismo jomuga bezala baditu aldeko elementu asko ditu, itsasoari, arrantzari, euskarari eta kulturari erabat lotuak. Horiek dira Mutriku turismoarentzat erakargarri egiten dutenak.«Dauzkan aldeko elementuak mantendu eta ez hain aldekoak hobetuta, jomuga edo destinu turistiko moduan daukan nortasuna zehaztea eta gainontzeko destinuetaz bereiztea lortu behar du Mutrikuk», esan du Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendariak.
Aurreikusitako ekintzak, gainera, ez dira bakarrik turistei begirakoak: herritarren bizimodu kalitatea hobetzeko ere badira, eta horren harira, Mutriku «eder» herritarrek egingo dutela adierazi du Joseba Palentzuela alkateak. Gainera, gogoratu du planarekin bat egiten duten udal ekintza batzuk hasita dagoela egiten udala, herrigunean ibilgailuekin dagoen arazoa kasu.
Mutriku kostako herria izanik, administrazioen arteko elkarlana «ezinbestekoa» izango dela gaineratu du.