Herriak geldituta daude. Saltoki eta tabernek ez dute aterik zabaldu. Greba batzordeek deituta, pikete informatiboak egin dituzte goizean goiz herriz herri. Mutrikun LABeko ordezkariak batu dira ekimenean, eta herrigunean guztia itxita aurkitu dute. Udaletxean hiru-lau langile aritu dira LABen esanetan lanean, atea herritarrei itxita. Lea-Artibairen kasuan, herriguneetan ia erabatekoa izan da grebari emon zaion babesa. Ondarroan, esate baterako, Ortiz kontserba fabrika egon da bakarrik lanean. LAB eta ELAko informazio taldeak bertara joan dira egoera ekonomikoaren barri emotera, baina langileek lanean jarraitzeko aukera egin dute. Lanbideren bulegoa be zabalduta egon da Ondarroan. Gainerakoa itxita dago.
Industriaguneei dagokienez, Markina-Xemeingo Kareaga industriagunean oso jende gutxi egon da lanean, Etxebarriko Ansola geldituta dago, Etxebarriko Galarza industriagunean, enpresa bat edo beste izan ezik, gainerakoak greba ari dira egiten, Eika tartean. Berriatuan, Gardotzan, Kide lanean ari dira. Cikautxon be bai, bai eta beragaz lotuta dagoen Kautenik. “Gainerako guztia geldituta dago”. Lekeitio inguruan, Burdinolan lanean ari dira. Piketeak enprea barrura sartu dira han, eta nahikoa tentsio uneak bizi izan dira goizean. Amoroton, Erabilen, beharrean ari dira.
Mobilizazioak, goiz-arratsaldez
Lekeition 10o bat lagun batu dira giza-katea goizean, Markina-Xemeinen 70 inguru elkarretaratzean, eta Ondarroan eta Mutrikun beste horrenbeste. Azkan bi herri horietan manifestazioan atera dira, 10:10ean. Arratsalderako be manifestazioak deitu dituzte euskal sindikatuek. Aulestin, 18:00etan, elarretaratzea egingo dute, plazan; Lekeition, 16:30ean, kafe tertulia, Eskolapean, eta manifestazioa handik aterata 18:30ean; Markina-Xemeinen, 18:30ean hasiko da manifestazioa, Arkupetik; Ondarroan 18:00etarako egin dute manifestazio deialdia gizarte eragileek; Mutrikun, azkenik, 19:00etan hasiko da manifestazioa.