Giro ederrean ospatu dute Iparraldeko Haizeak Lekeition
Barikutik domekara Euskal Herriko iparraldea eta hegoaldea batu dira Lekeition, jai giroan alkarren barri edukitzeko ekimenak eginez.
Barikuan surfari buruzko berbaldia egin zen, eta ostean, surf erakustaldia Mendexako Karraspio hondartzan.
Gauean, bertso saioa egon zen Ikusgarri zineman. Amets Arzallus, Sustrai Colina, Odei Barroso, Igor Elortza, Miren Amuriza eta Xabat Galletebeitiak saio entretenigarria eta bizia eskaini zuten, Elene Lejarzegi eta Nerea Ibarzabalen gaiei erantzunez. Lekeitioko bertso eskolako ikasleek puntu erantzun zirikatzaileak jarri zizkieten, publikoaren txaloak irabaziz.
Zapatu goizean iparraldeko eta hegoaldeko produktuen azoka berezia egon zen plazan. Zerura begira egon ziren hara joandakoak, baina eutsi zion azkenean euririk egin barik, eta goizean jende askorik ibili ez bazen be, eguerdirako batu ziren herritarrak azokara. Janaria, arropa, landareak… danetatik egon zen azokan, baita Lapurdiko taloak jateko aukera be.
Arratsaldean dantza ikuskizuna egon zen plazan Baigorriko Arrola eta Lekeitioko Etorkizuna dantza taldearen eskutik. Saioa “berezia” izan zen, batez be, iparraldeko dantzez gozatzeko aukera egon zelako.
Ostean, Amaren alabak taldeak kantaldia eskaini zuen. Ikuskizunak aurrera egin ahala, kantatzen ari ziren artean, eszenografia montatuz joan ziren. Ahots dotoreek jendea erakarri zuten, eta ordu beteko kantaldi ederraz gozatu zuten. Azken aldera euria hasi zen, eta amaierako kanta kantatzera arbolapera joan ziren, publikoko jendeagaz batera.
Iluntzetik gabera Markina-Xemeingo Akodas bozine elektrotxaranga ibili zen kalez kale giroa alaituz.
Domekan gisatu txapelketa egon zen urteroko modura. Aurten, danera, 24 lapiko aurkeztu ziren. Giro polita sortu zen eguerdian, jende piloa hurreratu zen, eta danek batera bazkalduz biribildu zuten eguna.
Iparraldeko Haizeak, 2013 [nggallery ID=54]