Oihana Iguaranek eta Unai Mendizabalek irabazi dute 2013ko Plazatik Gaztetxera
Buruz burukoa Josu Oiartzabal Xenpelar eta Jon Gurrutxaga azpeitiarren kontra jokatu ostean lortu zuten txapela jaztea. Atzetik sailkatu ziren Maddi Ane Txoperena eta Paula Amilburu, eta Malen Amenabar eta Txaber Ormazabal.
Bete-bete egin zen Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxea larunbat gauean. Afaritik bete-bete egin zen gaztetxea, eta bertso saioan, giro ederra sortu zen, bai bertsolarien aldetik, baita bertsozaleen aldetik be.
Gorka Ostolaza Potxis markinarrak aurkeztu zuen saioa. Gazte asanbladan jarritako gaiei ahotsa jarri zien Ostolazak, bere umoreagaz bertsozaleen barre algarak eraginez.
Agurren ostean, saio puntuagarriagaz hasi ziren. Lehenengo zatian zortziko handian, zortziko txikian, kopletan eta bakarka egin zuten bertsolariek.
Behar horiek amaituta, publikoak botoa emoteko aukera eduki zuen, eta epaileek, puntuazioa. Ados egon ziren biak bertsolaririk onenen izenak emoterakoan: Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal. Horregatik, epaileen bigarrena sailkatu zen buruz burukora: Josu Oiartzabal Xenpelar eta Jon GUrrutxaga.
Buruz burukoan hamarreko txikian ariketa dotorea osatu zuten Xenpelarrek eta Mendizabalek, eta ostean, argazki bati bertso bi kantatu behar izan zizkioten Gurrutxagak eta Iguaranek.
Beharrak amaitu ostean etorri zen epaia: Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal txapeldun.
Sariak emoteko Markina-Xemeingo Gazte Asanbladako eta Mutrikuko Gazte Asanbladako kideak egon ziren Plazatik Gaztetxera antolatzen duten beste asanblada guztien izenean: Deba, Mendaro, Soraluze, Eibar, Elgoibar, Mutriku eta Markina-Xemein. Bertsolariek saria jaso zuten, eta txapeldunek, ondo merezitako txapela.
Bertsolarien agurrekin amaitu zen saioa. Opari moduan jasotako makilak erabiliz, Santa Ageda doinuan eta makilekin lurra joz kantatu zuten txapeldunek agurra. Txapelak publiko artera botaz eta publikoari txalo joz eskertu zuten saria txapeldunek.
Bertsolariak, bertsozaleak eta antolatzaileak, denak pozik final ederraren ostean.

Puntuazioak
Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal: 311ยด5 (buruz burukoa kenduta 203,5)
Josu Oiartzabal Xenpelar eta Jon Gurrutxaga: 291,5 (buruz burukoa kenduta 189,5)
Maddi Ane Txoperena-Paula Amilburu 178
Malen Amenabar eta Txaber Ormazabal 164,5