
Traineru barriaren aurkezpen ekitaldia, Itsasaurren
Zapatu-domekan arraunaz gozatzea helburu antolatu ditu ekiimanak Ondarroa Arraun Elkarteak.
Bihar, 11:00etan, traineruan euren izena ipintzeko aukera emongo die herritarrei; hori ez eze, bazkide barrien kanpainagaz aurrera jarraituko dute, eta arropak be eskuragai ipiniko dituzte.
Domekarako egin dute hitzordu nagusia. Arrauneko KAE1 denboraldia hasteko astebete baino falta ez denean,
Ondarroa Arraun Elkarteak test estropada antolatu du.
Estropada Ondarroako badian izango da, 11:30ean, ohiko lekuan eta ohiko norabidean. Halanda be, estropada erlojuz kontrako eran jokatuko da: lau luze egin eta hiru ziaboga edukiko dituzte aurretik traineruek.
Arraun elkarteko arduradunek jakitera emon dutenez, ordezkarien bilera 10:30ean egingo da, moilan bertan, ordezkarien karpan. Estropada bera 11:30ean hasiko da. Bestalde, furgoneta eta erremolkeen gunea portuan egongo da, uretaratzeko lekuak modura: itsasontziak konpontzeko gunetik jaitsi behar dute traineruek.
Ondarroa Arraun Elkarteko instalazioak, dutxak barne, zabalik edukiko dituzte nahi duten parte hartzaileentzat.
Testa, uretan
Lehen txandan, emakumeen estropada egingo da. Bost traineru ariko dira, zein baino zein: Zarautz, Bizkaia, Orio, Hibaika eta Zumaia. Bigarren eta hirugarren txandetan aterako dira gizonezkoak. Bigarren txandan, Ondarru B, Santurtzi B, Lutxana, Hibaika, Mundaka, Arkote, Getxo, Deustu eta Hondarribia B. Hirugarren eta azkan txanpan Orio B, Trintxerpe, SantoƱa, Ondarru A, Zarautz, Kaiarriba, Isuntza, Santurtzi A eta Zierbena ariko dira garaipena lortzeko lehian.