Konponbidean, "batera"
http://www.youtube.com/watch?v=270hGZAiTFU Euskal gatazkaren konponbidean iheslariek parte hartu behar dutela esan dute; Estatuek konponbidea blokeatu eta herritarrak higatuko dituztela diote: «herria mobilizatu egin behar da».
Arraroa, berezia eta sentipenez betetakoa izan zen elkar ikusteko momentua. Hantxe, itsas bazterrean, agertu ziren Mikel Onko (Markina-Xemein), Isaac Kortabitarte (Lekeitio) eta Loren Aldarondo (Ondarroa). Hotz egiten zuen, baina minutu baten, berbetan hasi orduko, herrikideen gertutasunak epeltasuna ekarri zuen kostaldeko puntu isolatura, nolabait esateko. Hiru iheslarien begiek dizdira berezia erakutsi zuten elkarrizketak iraun zituen minutu guztietan. Irribarra ahotik kendu barik, bizitakoari, oraingo egoerari eta etorkizunari begira jarri ziren. Bada, lehenengo hitzak bihar euren agerraldia azaltzeko izan ziren. «Iheslarien kolektiboak erabaki du konponbide prozesuari guk be ekarpena egin behar diogula». Zergatik orain? Galdera egin aurretik, erantzuna jarraian etorri zen. «Momentua delako. Iheslariek bizi izan dutena edo bizitzen dutena albo batean utziz, gatazkaren inguruan berba egiterakoan iheslariok konponbidean barrena zer esana daukagulako. Azken urteetan diagnostikoa egiten ibili gara, aurrera begira gure egoera nola konpondu eta abar argitzeko. Horren haritik, bihar, bideorri bat aurkeztuko dugu». Kolektiboak koponbidean nola parte hartuko duen ere azaldu dute. «Estatuen esku ezin da utzi horrelako prozesu handi bat. Estatuaren helburua higatzea da. Prozesuaren garapena Estatuen esku lagatzen badugu, esperientziagatik badakigu ez garela inora ailegatuko». Horren aurrean, azkenaldian egindako herri harresien eta oro har desobedientzia zibilan inguruan egin diren ekarpenak oso positiboak izan direla diote. «Beraz, iheslarien, presoen eta beste gai potoloen inguruan herria izan behar da motorra. Estatuak, sasikonponbideak mahairatuz, higatzea dauka helburu eta».
Azkenaldiko gertakariak Azken bi urteetan «gauza asko» pasatu direla ere esan dute. «Konponbidea nahi dutenen ingurutik aurrerapauso asko eman dira azkenaldian. Baina Estatuak oso erasokor ikusten ditugu, jarrera blokeatzailearekin». Horren aurrean, mobilizazioak herri danetara zabaldu behar direla diote. «Jendeak sentitu egin behar du, bestela zaila izango da hau aurrera ataratzea». Bihar Miarritzen (Lapurdi), iheslarien kolektiboak deituta, egingo den ekitaldirako deialdira joateko aldarria egiteko izan ziren azken hitzak. «Biharko ekitaldiaren helburua Estatuei aurre egin eta konponbidean esku hartzen ez lagatzea da. Funtsean, guk errealitate ezberdinak mahairatuko ditugu bihar, iheslarien gaia nola konpondu ikusteko. Horren aurrean, Estatuek erabaki egin beharko dute. Orain arte modura, blokeo egoera mantentzearen aldeko jarrera erakusten badute, gure helburua gainetik pasatzea izango da, herriaren babesarekin eta herritarren ilusioarekin». Herri babesa irudikatu nahian Eta hori da hain justu bihar iheslarien kolektiboak irudikatu nahi duena: herri babesa. «Nazioarte mailan lortzen diren kontaktuekin eta herritarrekin lortuko dugu hori». Begirada atzera botata, lehen ez modura, orain bestelako babesa somatzen dutela diote. «Lehen babesa irudikatzen genuen, baina ez genuen ikusten. Orain, aldiz, babesa somatzen dugu eta ez da erraza sentitzen duguna hitzez azaltzea. Baina horrek indar handia ematen digu». Horrekin guztiarekin, biharko ekitaldian parte hartzeko deia luzatu diote iheslariek herritarrei. «Hor ikusten dugu indarra egin behar dela. Eta ikusten eta sinesten dugunez, herritarrei gure sentipen horrekin bat egiteko eskatzen diegu. Bestela, Estatuak dena blokeatu egingo du. Horren aurrean, herria mobilizatu egin behar da, herriak behar hori sentitu egin behar du. Izan ere, guztion artean, gatazka hau konpontzeko gai gara».
ELKARRIZKETAK: Loren Aldarondo-Errefuxatua: «Norbera etxera bueltatzea ez da helburua, denok bueltatzea baino» Loren Aldarondo (Ondarroa, 1951). Elkarrizketa egin zen egunean bete ziren 22 urte iparraldera heldu zenetik. Azken boladan, Ondarroari begira pasa ditu egunak, berak laga zuen Ondarroa ikusi du barriro. Nolakoa izan da honaino heltzeko bidea? 1979an alde egin behar izan nuen herritik. Handik lau hilabetera Mexikon azaldu nintzen eta 12 urte egin nituen bertan. Aurretik neure bizitza guztian itsasoan ibili nintzen eta Mexikon lehorrean behar desberdinak egitea tokatu zitzaidan, sekula egingo nituela pentsatuko ez nuen beharrak. Eta orain dela 12 urte etorri nintzen iparraldera. Zelakoa da gaur egungo zure bizimodua? Gaur egun nahiko normaltasunez bizi naiz Hendaian. Beti egoten dira gora behera batzuk egotea nahi ez genituzkeenak, baina zoritxarrez, hor daudenak. Gutako batzuei gehiago tokatzen zaie hori jasatea, eta beste batzuei, gitxiago. Beste alde batetik, beharrean be ari gara. Horretarako sartu ginen honetan, ez genuen alde egin erbestean bizitzeko bakarrik, beharrean jarraitzeko be egin genuen alde. Zelan ikusten duzu etorkizuna? Gu kolektibo baten barruan gaude, eta horrela ikusten dugu etorkizuna, kolektibo moduan. Guk ez ditugu erabaki indibidualak hartzen. Norbera etxera bueltatzea ez da sekula izan helburua, denok bueltatzea baino. Gogoa badaukagu etxera joateko, baina salto hori momentua ailegatzen denean emongo dugu. Zelan bizi duzu herrimina? Azken aldian, Urtzaren gora behera honegaz, esan beharra daukat oso harro sentitu naizela ondarrutarra izateaz. Pena bakarra eduki dut: ezin parte hartu izana herri harresian. Egun horietan ikusi dut Ondarroa nik laga nuen Ondarroa bihurtu dela barriro, orain dela 22 urte laga nuen Ondarroa. Isaac Kortabitarte-Errefuxatua: «Herriarengan konfidantza osoa daukagu, herrian dago etorkizuna» Isaac Kortabitarte (Lekeitio, 1955). Lekeition jaio eta Ispasterren bizi izan zen. Orain bete dira 33 urte herritik joan zela. Begiak ixten dituenean Lekeitio ederto gogoratzen duela dio. Zelan bizi izan duzu herritik atera zinenetik orain artekoa? 1980ko ekainean atera nintzen herritik, eta ibilbidea luzea izan da. Iparraldera etorri eta GALeko istoriak, sarekadak eta sarraskiak pasatu genituen. Gero, hamendik be ihes egin behar izan genuen. Laguna eta biok iheslariak ginenez, hiru urteko ume txikia aitita-amamekin lagata joan ginen Mexikora. Lehenengo urteak oso txarrak izan ziren, gogorra izan zen: Ez dakizu helduko zaren, dokumentaziorik barik… Han 11 urtetan egon ginen eta orain dela 14 urte bueltatu ginen iparraldera. Gaur egun hamen bizi gara. Gogorra izan da: lehenengo herria uztea, baina batez be, umea hemen utzita alde egin beharra. Orain zelan bizi zarete? Gaur egunean oso pribilejiatuak sentitzen gara hemen gaudelako, Euskal Herrian. Iheslari moduan bizi gara, baina orain paperak dauzkagu, beharra daukagu… oso pozik gaude. Baina azken finean, helburua betikoa da: gatazka hau amaitzea. Herrira bueltatu nahi dugu, noski, baina dena konpontzen denean. Politikoki hau ez badugu konpontzen alper-alperrik da herrira bueltatzea, barriz egongo direlako presoak eta iheslariak. Horregatik, herriak askatasunez bizitzeko eskubidea daukala aldarrikatzen dugu. Zelan gogoratzen duzu zure herria? Lekeitio eta hegoaldean ezagutzen ditudan toki guztiak ezagutzen ditut begiak itxita; begiak irekita ez dut batik be ezagutzen. Baina itxitakoan dena ikusten dut lehen bezala eta danagaz akordatzen naiz: nola ibiltzen ginen lagunekin, familiagaz… Begiak irekitakoan, ostera, hamen nago, eta ezin dut ezer ikusi. Etorkizunean begiak irekita dana ikusteko aukerarik egongo da? Garaia etorriko da eta horretarako herriak beregan sinistu behar du. Gu herririk gabe ez gara ezer inon. Guk sinisten dugu eta herriak sinistea nahi dugu. Lehen herriko plazan egiten ziren asanbladak, lurrean jarrita. Ez zuen alderdi edo plataforma batek dei egiten, herria batzen zen. Hori da herria. Guk herriarengan konfidantza osoa daukagu, herrian dago etorkizuna. Haiek dira guretzako hoberenak. Mikel Onko-Errefuxatua: «Iheslari askoren egoera oso ankerra da eta ezagutarazi egin behar da» Mikel Onko (Markina-Xemein, 1983). Orain dela 6 urte alde egin behar izan zuen iparraldera. Egoera asko mahai gainean jarri behar direla uste du gazteak. Zelan gogoratzen duzu ihes egin zenuen momentua? 2007ko abenduan egin nuen ihes. Momentua bera baino aurreko hilabetea gogoratzen dut. Niretzat oso gogorrak izan ziren azkenengo lau asteak: Gazteen kontrako jazarpena oso gogorra zen, presioa itzela zen eta ihes egitea erabaki nuen. Hasieran ez nekien zelan joango ziren gauzak, erabaki asko daude tartean eta ez da izaten erraza. Orduan, iparraldera etorri nintzen. Hasieran nahiko ondo egon nintzen: neskalaguna hamengoa da, eta horrek gauza asko erraztu zizkidan. Alde horretatik nahiko pribilejiatua sentitu naiz. Sekulako babesa izan da laguntza eta eskaini didan guztia. Zelan bizi zara gaur egun? Ikastola baten egiten dut beharra Urruñan, laguntzaile tekniko moduan, eta oso gustora nago. Egunerokoan oso ondo bizi naiz: alaba bi dauzkat eta badaukat nire bizitza pertsonala normal egiteko aukera. Horrek pertsona moduan asko errazten ditu gauzak. Izan be, iheslari pilo bat daude ezin dutenak etxetik irten, klandestinitatean bizi direnak, beste batzuk deportatuta munduan barreiaturik daudenak etorkinen paperekin, sekulako zailtasunekin… eta hori be ezagutarazi egin behar da, hau ezta mugatzen bakarrik iparraldien gaudenongana. Eta jende askoren egoera oso ankerra da. Orain dela gitxi bidaiak egitea erabaki genuen kanpoan dauden kideekin egoteko. Nik Uruguaira joateko aukera eduki dut, eta han bizi izandakoa oso berezia izan da: Jendea 30 urte baino gehiago herritik kanpora eta oraindino burua fresko daukate, gogor daude eta oraindino Euskal Herriagaz sinesten dute. Egunerokoa gaitz eduki arren herriagaz akordatzen dira. Niretzako hori oso positiboa izan da, kristona. Aurrera begire? Nik uste dut etorkizuna ilusioagaz hartu behar dela: gauzak egin behar dira eta aurrera egin. Ni positiboa naiz. Baina iheslari kolektiboko kide moduan ikusten dut gauza asko egin behar ditugula oraindino: egoera asko aztertu egin behar dira. Horrela uste dut aurrera egingo dugula.