
50. urteurren jaian MIBAko sortzaileei eta haien senideei egindako omenaldia
Baserri munduarentzako tresna izan da 50 urtetan Etxebarriko Galartza auzoan dagoen MIBA kooperatiba. Urtez urte aldatzen joan da enpresa, proiektu desbardinak lantzen, baina danak helburu beragaz: baserri mundua babestea eta indartzea.
Gaur egun bazkide diren hamalau langile eta bazkide ez diren beste hamar langile dauzka MIBAk, eta, horiez gain, 1.100 baserritar bazkide be bai. Gehien bat Lea-Artibaikoak eta Arratiakoak dira MIBA osatzen duten bazkideak. «Oso kooperatiba berezia da MIBA; langileak gara bazkide, eta baserritarrak be bai», dio Iñaki Sainz gaur egungo gerenteak. Baina beti dira baserritarrak gehiengoa, bai zuzendaritza batzordean eta baita asanblean be. «Oso interesgarria da hori», dio Sainzek. «Kontuan eduki behar da langileen interesak eta baserritarrenak ez direla berberak: langileak gehiago irabazi nahi du, eta baserritarrak pentsua merkeago eduki. Ez da erraza, baina MIBAk beti lortu izan du oreka, eta hori baloratzekoa da».
MIBA enpresan pentsua ekoizten dute, mota danetakoa: untxientzakoa, txarrientzakoa, behientzakoa… danetik. Horrez gain, beste hainbat proiektu be bideratzen ditu kooperatibak.
Orain dela 50 urte
Bost hamarkada pasatu dira MIBA kooperatiba sortu zenetik. Sorreretara joanda, Larrabetzuko Julian Olazabalaga abadea Jose Maria Arizmendiarrietaren jarraitzailea izan zela ekarri du gogora gerenteak, hein handi batean kooperatiben mundua Lea-Artibaira hark ekarri zuela azalduz. «Oso praktikoa eta konprometitua zen, eta Arrasateko kooperatiba presionatu zuen eskualde honi kooperatiba munduan indarra emoteko».
MIBA kooperatibaren bultzatzaile be izan zen larrabetzuarra. «Orduko sortzaileek ikusten zuten hemen inguruan pentsua, haziak eta abonua biltegizainen esku zegoela, eta, ondorioz, beti zegoela garesti». Horregatik, zer edo zer sortu behar zutela pentsatu zuten, eta ideia hartatik sortu zen MIBA. Horrela, pentsua alkarregaz erosten zituzten, baserritarrentzako merkeago izan zedin. Enpresa sortu eta gero, biltegi bat egin zuten Markina-Xemeingo kaleetan, eta handik banatzen zitzaien bazkideei pentsua.
1973an salto handi bat emon zuen kooperatibak: Markina-Xemeindik Etxebarrira bidean dagoen fabrikara joan zen. Orain dela hamabi urtera arte han egon ondoren, Galartza auzoko pabilioira joan ziren gerora.
Baserritarrentzako onurak
Pentsua merkeago eta eskurago edukitzeaz gain, beste onura handi bat be ekarri die MIBAk baserritarrei. Langileek Lagun Aro aseguruak edukitzen dituzte kooperatibetan, eta MIBAk baserritarrek be aseguru hori edukitzea lortu zuen, eta «oraindino martxan dago garai hartan oso aurrerakoia izan zen lorpen hori». Kooperatibak baserri munduari be zenbat eskaini dion nabarmendu dute MIBAko kideek. «Babesa eta tresna izan da».
Gaur egun baserri munduaren egoera nahiko beltza dela nabarmendu dute, eta «laguntzeko ahaleginak» egiten dituzte.
Aurrerakuntzekin beharrean
MIBA kooperatiba beti aritu da berrikuntzekin beharrean. «Beti kezkatu gaitu gai horrek». Horregatik, gaur egun ingurumen gaiak lantzen ari dira. Horrela lortu dute pentsuen karbono marka, eta daukan kutsadura neurtzen be lehenengoak izan dira.
Ingurumen arlokoez gain, aurrera begirako hainbat proiektu be badituzte. «Azkenetakoa Da kofradia da», diote. Kate osoko piezak batzeko sortu dute: «Produktoreak, hiltegiak… bakarrik lor ezin dezaketena batera lor dezakete, eta guk bitartekari lana egiten dugu». Proiektu desbardinekin eta betikoak laga barik, aurrera jarraituko dutela diote, «beste hainbeste urte» bete arte.