Aurten be, udalekuetan parte hartzeko aukera izango dute Lea Ibarrako umeek, uztailaren 8tik 24ra. Aurreko urteetan lez,
Aulestin egingo dituzte udalekuak 10:00etatik 13:00etara, baina,
barritasun lez,
Lea Ibarrako gainontzeko herrietara irteerak egingo dituzte aurten. 2001 eta 2010 urte bitarteko umeek parte hartu nahi izanez gero, bihar izango dute izena emoteko azken eguna.
Lea Ibarra Mankomunazgoak antolatuta eta Aulestiko Trolebu elkartearen bitartez, eskualdeko begiraleek herritik herrirako udalekuak eskainiko dizkiete udalekuetako umeei. Hala, «leatar izaera berreskuratzeko asmoz», arreta guztia Aulestin jarri beharrean, inguruko herrietara be zabaldu gura dituzte udalekuak, «Lea Ibarrako ume guztiak sentitu daitezen protagonista», azaldu du Maddalen Ikazuriaga udalekuetako begiraleak.
Baloreetan oinarrituz
Aipatu egitasmo horren bitartez, «abentura dibertigarri eta ahaztezin bat eskaintzeaz gain, ohituretan, jarreretan eta baloreetan eragingo duten ekintzak» ekarriko dituzte aurten, Lea Ibarrako udalekuek. Testuinguru horretan, beraz, «jarrera sortzaile-berritzailea, kritikoa eta parte hartzailea bultzatuko» dute. Hain zuzen, kulturaniztasuna, hezikidetza, elkartasuna eta naturarekiko errespetua oinarri hartuta, gauzatuko dituzte udako ekintzak. Jolasteko, tailerretan parte hartzeko, errekan bainatzeko, mozorrotzeko eta ur jolasetan murgiltzeko aukera izango dute izena emoten duten umeek, besteak beste.
Informazio gehiago nahi duenak 94 684 44 23 telefonora deitu beharko du 09:30etik 13:30era bitartean.
Udalekuak
Prezioa
-Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexan erroldatutakoak.
– Familiako ume bat matrikulatzen bada: 55 euro.
– Familiako 2 ume matrikulatzen badira: 45 euro.
– Familiako 3 ume matrikulatzen badira: 40 euro.
Munitibar, Aulesti, Giaburuaga, Amoroto eta Mendexan erroldatuta ez daudenak. Haur bakoitzaren kuota 70 eurokoa da.
izen emotea
-Noiz. Ekainaren 21era arte (bihar arte).
-Nola. Lea Ibarreko udaletan edo eskoletan aurkeztu beharko dute izen emoteko orria. Diru kopurua, barriz, honako kontu korrontean sartu beharko du interesatuak, haurraren izen-abizenak zehaztuta: 2095 0050 38 320107527 6.