Aurredenboraldian erakustaldi ederra emon du
Isuntza Arraun Taldeak. Ondarroan jokatutako estropadan aurkari zuzen dituen Zierbena eta Santurtzi atzean laga zituen, eta horrek
KAE1 liga hasierarako «animoak» emon dizkiela esan du
Josu Aboitiz entrenatzaileak.

«Aurten indartsu geundela ikusten genuen, eta, horregatik, helburu moduan
play-off-etan sartzea geneukan», dio Aboitizek. Halanda be, beste talde batzuk «oso gogor» zeudela ikusten hasi ziren otsaila aldera: «Zierbena, Santurtzi, Getaria, Ondarroa bera be bai… Beraz,
play-off-etara helduko ete ginen zalantzan jartzen hasi ginen», dio entrenatzaileak. Hori ikusita, Aste Santutik hona behar handia egin dutela dio: «Entrenamendu asko egin ditugu, eta, azkenean, emaitzak oso onak izatea lortu dugu».
Izan be, Lekeition ez, baina Mutrikuko eta Ondarroako estropadetan Zierbena eta Santurtziren aurretik sartu da Isuntza. «Aurrean ibiltzea lortu dugu», dio Aboitizek. Horregatik, hasieran ipini zuten
helburu beragaz hasiko dute denboraldia: play-off-etan sartzea. Ligan be aurkari sendoenak aurredenboraldikoak izango dituzte.
Aurten dietak asko zaindu dituztela azaldu du Aboitizek. «Iker Lopezen laguntza handia eduki dugu. Berak jarri ditu hasieratik dietak, eta normalean baino lehenago lortu dugu pisu egokian egotea».
Gazteak izan arren, Isuntzako arraunlariak «
esperientziadunak» direla esan du Aboitiz entrenatzaileak. «Arraunlarien gehiengoa 12-13 urtegaz hasi zen arraunean, eta orain 23-24 urte dauzkate», dio. Horrek esan nahi du beste talde batzuen aldean arraunlariak oso gazteak direla, baina, era berean, arraunean urte asko daramatzatela.
Hortaz, harrobiko arraunlariak dira Isuntzako gehienak. Halanda be, kanpoko jendea be badaukatela argitu du Aboitizek. «Arraunlari asko etortzen dira kanpotik, hamengo giroa ezagutu eta kirol hau probatzera. Dirurik ez daukagu, beraz, beste arrazoi batzuengatik etortzen dira arraunlariak».
Aurten Isuntzako harrobikoak ez diren zazpi arraunlari daude taldean. «Asko da hori; beti eduki ditugu bi edo hiru, baina aurtengo kopurua handia da», dio Aboitizek.
Entrenatzailearen esanetan, aurten «bost baja garrantzitsu» eduki dituzte Isuntzan. «Gazteekin, Isuntzara bueltan etorri diren bigaz eta kanpotik etorritako beste bigaz konpentsatu» dute haiek utzitako hutsunea.
Baina, bestela, taldeak «bardin» jarraitzen du. «Neuk jarraitzen dut entrenatzailea izaten eta Patxi Aranzabalek segitzen du mediku eta prestatzaile beharretan».
Zuzendaritzan be Santi Zumaranek darrai. «Zuzendaritzan ez da egon aldaketarik, baina taldea indartu egin da». Izan be, arraunlari ohiak hasi dira zuzendaritzan beharrean, eta «laguntza handia» emoten dutela azaldu du Aboitizek.
Taldea sendoa izan arren, kanpora begira eskaera bat badaukate Isuntzakoek: «Abadeen moila oso txarto dago, eta konpontzeko eskaera egiten dugu. Gure estropada eremua gustuko du jendeak, eta txapelketak eskaintzen dizkigute. Ezin dugu moila horrela eduki, eta hainbat arinen konpontzeko eskaria egin nahi dugu».
Liga hasteko «gogotsu» daude Isuntzan. Oraindik aurretik hile bi dituzten arren, play-off-etara begira daude. «Liga luzea da, eta ezin dugu eduki akatsik», dio Aboitizek.
Bestelakoan,
taldean giro itzela dago: «Gogo handia eta ilusio itzela dauzkagu, eta horrek taldea sendotzen laguntzen du. Horrela hasiko dugu denboraldia, gogoz».