Bihar eguerditik aurrera zabalik egongo da
Samikolla eta Burumendi lotzen dituen errepidea. Mutrikuko
Udalak errepidea irekitzeko
behin-behineko konponketa egitea erabaki du, moila inguruan sortutako
zirkulazio arazoei aurre egiteko.
Izan ere, udalak jakin eragin duenez, moilara eta hondartzara heltzeko bide bakarra egoteak arazoak sortu ditu Samikolla-Burumendi errepidea jausi zenetik. “Nasa kalean bi norantzetan doazen ibilgailuak nahiko estu gurutzatzen dira, eta gainera, oinezkoak ere bide beretik dabiltza”, azaldu du
Joseba Palenzuela alkateak. “Uda denboraldia hastearekin batera arazo areagotu egingo zela aurreikusten genuen, eta
Eusko Jaurlaritzak obra hasi arte ezer ez egitea erabaki zuenez, Udalak bere gain hartu du errepidearen behin-behineko konponketa”.
Errepidea jausi zenetik,
Udalak “etengabe” Jaurlaritzarekin harremenaten egon dela esan du. “Behin eta berriz eskaera bera egin dio udalak: behin betiko obra egin bitartean, ibilgailuentzako errei bat, behintzat, irekitzeko. Joan den astean Eusko Jaurlaritzarekin eta obra egingo duen enpresako ordezkariekin bildu ondoren, errei bat irekitzekotan, Udalak egin beharko zuela argitu zuten”. Gaiari
urgentziazko izaera eman ziotela esan du udalak, baina obraren esleipen prozesua “luze joan” zaiela, eta obra hasiera uztailaren amaierara arte atzeratu dela, aitatu du alkateak. “Begibistakoa zen ezin ginela horren zain egon”.
Bidea
ireki bezain laster, Nasa kalea norantza bakarrekoa bihurtuko dela aurreratu du udalak: “Lonja zaharraren paretik hondartza aldera joan ahal izango dira ibilgailuak, baina kontrako bidea ezingo dute bertatik egin.
Burumendi-Samikolla bidea erabili beharko dute portua-hondartza gunetik irteteko”.
Samikolla-Burumendi errepidean egindako koponketak Zubikarai enpresak egin ditu. “Apurtuta zegoen zatia prestatu eta hutsuneetan betelan handia egin dute bidea sendotzeko”, azaldu du alkateak. Geologia eta geoteknian adituak diren Ikerlur enpresako teknikariekin ere lan egin du udalak, eta haiek euren oniritzia eman diote egindako lanari. “Hala ere, egindako lana behin-behinekoa da, eta egin berria, gainera. Beraz, herritarrei bide zati horretan abiadura moteltzeko eta kontuz ibiltzeko eskatzen diegu“, azpimarratu du alkateak.