
Udako ordutegia estreinatu berri du Mutrikuko kiroldegiak. 09:00etatik 14:00etara bitartean egongo da zabalik abuztuaren erdira arte. Irailean hasiko da kiroldegia bere osotasunean martxan.
Uda sasoiko hilabete eta erdi horretan gune batzuk baino ez dira egongo zabalik erabiltzaileentzat: fitness gela, aldagelak, sauna eta kantxa.
Bazkide ez direnek bazkidetza egiteko aukera edukiko dute uztailean eta abuztuan, eskaintza bereziarekin, gainera: urte erdiko bazkidetza egiteko aukera emango du udalak. «Orain arte bi aukera zeuden, urteko kuota ordaintzea edo irailetik urte bukaerara artekoa ordaintzea. Irailekoa, proportzioan garestiagoa izaten da. Gure asmoa, urteko kuotaren erdiagatik, uztailetik abendura arteko bazkidetzak egitea da», esan du Iban Arrunategi kirol zinegotziak. Era horretan, adibidez, 18 urtetik gorako pertsona batek aipatutako epeen barruan bazkide egiteagatik 17,37 euro aurreztuko ditu. «Erabiltzaile mota horrek irailean bazkide egiteagatik 61,63 euroordaindu beharko lituzke. Udal eskaintzari esker, lau hilabeterako beharrean, sei hilabeterako bazkidetza eskuratuko du, eta 44,26 euro ordainduko ditu», zehaztu du Arrunategik. Erabilera, abendura artekoa 2013ko urtarriletik kiroldegiko bazkide direnek, berriz, abendura arte zerbitzuez gozatzeko aukera edukiko dute, «zuzendaritza aldatu ez balitz bezala». Udan zabalik dauden guneetara sartzeko eskubidea izango dute, eta irailetik aurrera gainontzeko ekintzez ere gozatzekoa, «orain artean bezalaxe».
Erabiltzaileren batek kontrakorik adierazi ezean, 2014ko urtarrilean bazkidetza guztiak berrituko direla aurreratu du Mutrikuko udal kirol zerbitzuak.