Korrikaren arduradun nazional izateari utzi dio
Edurne Brouardek (Lekeitio, 1959). Azken sei Korrikaren edizioetan egon da ekimena zuzentzen, hau da, azken 12 urteetan. Gainera, 1982tik ibili da Korrikako antolakuntzan Brouard.
Hamendik aurrera, Lea-Artibaiko AEK-n arituko da, euskalduntzearen zereginetan murgilduta.
Urte asko daroazuz Korrikaren arduragaz. Zelan etorri da orain erabaki hau?
Hain zuzen be horregatik etorri da erabakia, denbora luzea daroadalako kargu horrekin. Urte pila bat egon naiz Korrikaren antolakuntzan: 12 urte egin ditut Korrikaren arduradun nazional izaten, eta aurretik bigarren arduradun be izan nintzen. Eta edozein beharretan gertatzen den modura, mekanikoki egiten diren ohiturak hartzen dira. Horregatik, odol barriari lekua utziko diogu orain. Baina ez naiz joango apartera, hemendik aurrera Lea-Artibaiko AEK-n jardungo dut beste zeregin batzuetan.
Penagaz laga duzu ardura?
Alde batetik penagaz, horrelako lan polit eta esker onekoa utzi behar izan dudalako. Baina nire erabakia izan da, eta uste dut momentu onean utzi dudala. Hamendik aurrera be jarraipen ona edukiko du Korrikak, eta ziur nago lekukoa hartuko dutenek beharra ondo egingo dutela.
Asier Amondok hartuko du zure lekukoa.
Bai. Urte piloa daroaz Asierrek AEK-ko Arabako arduradun izaten, eta azken Korrika bietan artekaritzan be egon da. Oso pertsona prestua eta prestatua da, eta ederto beteko du bere beharra.
Lea-Artibaiko AEK-n jarraituko duzu zure ibilbidea. Zein zeregin edukiko duzu?
AEK-n edozeinek dauzkan zereginak edukiko ditut: eskolak emotea, matrikulazioak kontrolatzea… Beste urte askotan bete dudan behar bera egingo dut hamendik aurrera be. Ni lehenengo irakaslea naiz, eta gero beste ardurak eduki izan ditut. Horregatik, hamendik aurrera be euskalduntzean laguntzea izango da nire beharra.