Jose Luis Lizundia euskaltzain osoa izandakoaren hutsunea betetzeko hautagaiak aurkeztu dituzte euskaltzainek: Itziar Laka bilbotarra eta Jabier Kaltzakorta markinarra, hain zuzen be.

Adolfo Arejita, Xabier Kintana, Patxi Uribarren eta Andres Urrutia euskaltzainek aurkeztu dute, hain justu, Kaltzakortaren hautagaitza.
Euskaltzain osoa izendatzeko bozketa uztailaren 19an egingo dute, Bilboko Osoko Batzarrean. Jakinarazi dutenez, euskaltzain oso hautatua izateko, «euskaltzain osoen bozen nagusitasuna erdietsi beharko du hautagaietako batek».
Jabier Kaltzakorta Elortza Markina-Xemeinen jaio zen, 1961ean. Deustuko Unibertsitatean Filosofia eta Letra ikasketak burutu ostean, Euskal Filologian lizentziatu zen, 1984an. 1994. urtetik, barriz, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean, EuskalFilologia graduan, hain zuzen be.
Urteak daramatza markinarrak euskal herri-literaturaren adar edo genero ezberdinak ikertzen; batez be, ahozkotasunari dagozkionak: errefrauak, ipuinak, baladak, bertsoak…
2009az geroztik, Auspoa taldeko kidea da, Joxemari Iriondo eta Pello Esnalekin batera. Labayru Ikastegiko ikertzailea, Etniker Euskalerria taldeetako eta Mendebalde Kultura Alkarteko kidea da. Derioko Udako Euskal Ikastaroetako irakasle be izan zen.
1996. urtean Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta geroztik, Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kidea da. Halaber, Azkue Literatur Sarien epaimahaikide be bada, aspalditik.
Euskal hizkuntza eta literaturari buruz idazten du Kaltzakortak aldizkari askotan; besteak beste, Idatz & Mintz, Euskera, Karmel, Enseiucarrean, Litterae Vasconicae, Etniker Bizkaia edo Anuario de Eusko Folklore aldizkarietan.