Behia, abelgorri eme heldua, bere esne eta haragiagatik hazten dena. Hiztegiari begiratuz gero, horixe da definizio zehatza. Baina behiaren esanahia haratago heltzen da mugaz bestaldeko zenbait lurraldetan. Izan be, Indian, behia animalia sakratua da. Eta ondorioz, behiak amatasunaren eta ugalkortasuna irudikatzen ditu. Eta kasuak kasu, oraingoan, behiak giza eskubideen bermerako balio izan du, besteak beste. Askorentzat guzti hori arrotza egiten bada be, Lekeitio BHI institutuko ikasle batzuek ondo asko dakite guzti hori. Izan be, Indiako Anakel herriko familia bati laguntzeko behi bat erosteko dirua lortu dute, borondate osoz.

Denboran atzera egin eta guztia nola hasi zen argi eta garbi kontatzen dute institutuko ikasle batzuek. Eta egin duten esfortzua eta erakutsitako konpromisoa hutsaren hurrengoa izan ez denez, irakasleek be ilusioz, eta nola ez, harro, kontatzen dute ikasleen egitekoa.
Taldeka Lagunduz, Lekeition
Taldeka Lagunduz Gobernuz Kanpoko Erakundeko ordezkariek institutua bisitatu eta indiako Anekal herriko familien eta emakumeen egoera kontatu zien egunean hasi zen dena. «Ikasleak harrituta geratu ziren, aho zabalik, hango emakumeek bizi zuten egoera ezagutzean, batik bat», diote irakasleek.
Taldekaren berbaldia entzun eta gero, ikasle taldeak geldik ezin egona sentitu zuen. «Barruraino sartu zitzaigun Taldekakoek kontatu zigutena. Gurea bezala sentitu genuen. Hango emakumeek bizi zuten egunerokotasuna, bortxaketak eta abar, gogorra izan zen entzutea. Eta guk, proiektua bultzatu dugunok, denok neskak garen heinean, geure azalean biziko bagenu bezala sentitu genuen, nolabait esateko», adierazi dute ikasleek.
Izan be, emakumeak gizonak baino mespretxatuagoak direla, lana etxean nahiz kanpoan egin behar izaten dutela eta maiz bortxatuak izaten direla entzutea, gogorra izan zen haientzat.
Horri, gainera, Anekaleko bizilagunak Dalitena kastakoak direla gehitu behar zaio. «Kasta hori betidanik izan da maila baxukoa. Oso pobreak dira».
Errealitate horren aurrean, zer edo zer egin behar zutela pentsatu zuten. «Mugitu egin behar ginen. Egoera hori saihesteko, guk, maila txikian bada be, ahal genuena egin behar genuela sentitu genuen».
Esan eta egin. Txikitasunetik proiektua handi egin zen. Taldekarekin harremanetan jarri eta gero, erakundeak onena behi bat erostea izango zela esan zien. «Behin batek 600 euro inguru balio zituela eta guk hori lortu ahal genuela konturatu ginen. Horrela ba, diru-bilketa nola egin pentsatzen hasi ginen».
Dirua eskuetan
Hasiera baten eskolatik kanpora be atara beharko zirela uste bazuten be, azkenean diru-bilketa institutu barruan egin zuten.
Denbora tarte txikian, behiaren irudia zuten txarteltxoak atara eta institutu osoan saldu zituzten, dirua lortu arte.
Eta ekinez eta eginez, dirua eskuan zutela, taldekakoekin jarri ziren harremanetan. «Orain, behia erosten dutenean, argazkia be bidaliko digutela esan digute».
Egindakoaz harro geratu dira, ikasleak eta nola ez, irakasleak. «Ohore bat da horrelako ikasleak edukitzea, gizarte gaietan horrenbesteko inplikazioa erakusten dutenak, alegia.
Bada, elkartasunaren adibide bihurtu dira ikasleak. Sentituz, pentsatuz eta ekinez, jauzi handia eman dute lekeitiarrek. Behin bat erosteko dirua lortuz, Indiako familia bati etorkizunera begiratzeko leihoa zabaldu diete. Milaka kilometro tartean badira be, beste behin be elkartasunaren kateak mugak hautsi ditu, Lekeitiotik Anakelera.
Ikasleak eta irakasleak
Ikasleak. Idoia Irazabal, Maite Ruiz de Erentxun, Leire Gezuraga, Garazi Peña, Mireia Aranbarri, Edurne Naberan, Olatz Urrutia, Ane Ugarteburu, Eneritz Goiogana, Olatz Urkiaga, Edurne Diez, Sara Lezertua, Naia Arantzeta, Sara Torrealdea, Nerea Garatea, Edurne Mancebo, Mireia Aranbarri, Naiara Elordi eta Leire Txopitea.
Irakasleak. Amaia Fuldain, Nati Txakartegi, Euken Entziondo.
Ikasketa burua. Mirari Aldana.
Arduradunak. Normalkuntza eta Eskola Agenda 21 proiektuak.
Ikasturtea. 2012-2013.