Playa de Ondarzabal txalupan erretegiaren proiektua egitea aurkeztu zuten herritarrek batzarrerako deia zuten txaluparen etorkizunari buruz eztabaidatzeko.
Deitzaileek batzarraren
balorazio «positiboa» egin dute. «Hainbat elkarte eta herritar batu ginen kultur etxean, eta gure azalpenak emon ostean, hara joandakoen ekarpenak jaso ditugu, hainbat ondorio jasoz», azaldu dute.
Batzarraren deitzaileek eurek jasotako datu tekniko eta ekonomikoak aztertu zituzten bileraren hasieran.
«Batzarrean interesgarritzat jo zen bisita gidatuak berreskuratzea eta erretegiaren proiektua bultzatzea, nahiz eta beste ideia batzuk be egon daitezkeen», diote. Ideia horiek aurkeztu eta aztertzeko irailaren amaieran jarri zuten muga.
Gastuei dagokienez, mantenu kostua jaistea «ezinbestekoa» dela iruditu zitzailen batzarrean egon zirenei.
Beste alde batetik, txaluparen konponketa beharrean laguntzeko auzolanerako zerrenda osatu zuten. «Dagoeneko 25 herritar eta elkartek emon dute izena», diote.
Batzarrean txaluparen inguruan sor daitezkeen ekimenak Atabaka Kultur Elkarteak kudeatzea aztertu zuten, eta «ontzat» emon zen gainera. «Hori bai, txaluparen izaera eta itxura guztiz errespetatuta», diote.
Azkenik, ekainaren 28an Ondarzabal Eguna izatea aztertu zuten. «Sasoi batean egun horretan egiten zuten urteko batzarra arrantzaleek», diote. «Egun horretan, ekitaldiak antolatzeaz gain, urteko batzarra antolatuko da, herritarrei txaluparen inguruko informazio zehatza zabaltzeko», gaineratu dute.