Lea-Artibaiko 12 udalerriek gaueko autobus zerbitzua eskainiko dute udan
Helburua gazteak “modu seguruan” mugitu ahal izatea dela esan dute udal ordezkariek. “Bada, prebentzioa da helburu nagusia”. Horretaz gain, eskualdeko gazteen arteko kohesioa eta elkar ezagutzea be bultzatu nahi direla gaineratu dute. “Eskualde izaera indartzeko”.
Autobusa Markina-Xemeingo jaietan hasiko da martxan, eta herritar bakoitzak, bere herriko udaletxean erosi beharko du bidai txartela. “Egitasmoak gure udalerrian gauetan ez dagoen garraio publikoaren premia bete nahi du”, gaineratu dute.
Funtsean, proposamena, batez be, itzulerako autobusak jartzearena da. Horrela, eskualdeko jai esanguratsuenetan, 02:30ean eta 05:30ean, autobusak eskualdeko edozein herritara itzultzeko aukera eskainiko dute. Joaterakoan, hau da, jaira joateko, garraio publikoaren aldeko apustua egingo da, posible den kasuetan. Dena den, informazio gehiago edukitzeko, egun eta ordutegiei buruz batik bat, udaletxe bakoitzak jarriko ditu kartelak ohiko lekuetan.
Gababus izena dauka egitasmoak eta eskualdeko 12 udalerriek parte hartu dute. Egitasmoa, Lea Ibarra, lea Artibai eta Bizkaiko Foru Aldundiaren hartzeko elkarlanaren bidez aterako da aurrera; Foru Aldundiko Udal Gaztedi programaren laguntza izango du.
Gaztedi plan horrekin, Gababusagaz gain, beste hainbat ekimen be aurrera atarako dira eskualdean. Berdintasuna sustatzeko asmoz, Lekeito, Ondarroa eta Markina-Xemeingo ikastetxeeetan dauden ikasleek hezkidetza tailerrak jasoko dituzte. “Zerbitzu horren onuradunak eskualdeko hamabi herrietako gazteak izango dira”. Eta horretaz gain, drogomenpekotasunaren prebentziorako lanketa be egingo da; gazteen premiak ezagutzeko egingo den prozesu parte hartzailea izango da hori.