Hilabete pasa izanaren sentsazioagaz buelta egin du Amaia Egaña Etxebarriak (Ondarroa, 1984) Gaza eta Zisjordaniatik. Ondarroako Etxelila emakume topagunearen ordezkari modura egon da Palestinan, beste hainbat lagunekin batera. Hango erakunde, emakume talde eta elkartekin testigantzak partekatu eta gero, jakintzaz bete-bete buelta egin du.
Ekainaren 22tik 30era egon zarete bidaian. Zer egin duzue?
Agenda super bizia izan da. Batetik urten, bestera joan, horrela ibili gara egunez egun. Jerusalem izan genuen puntu klabea, eta handik mugitzen ibili ginen. Lehen egunean Ramalara joan ginen, gero Gazara. Sartzea lortu genuen, eta hiru egun pasatu genituen han. Jerusalemera buelta egin eta Zisjordanian mugitzen ibili ginen gero: Ramalan, iparralderago dagoen herri txiki batean. Hegoaldean errefuxiatu eremu txiki batera, Ebronera be joan ginen.
Ze egoeragaz topo egin duzue?
Egoera oso eskasagaz, egia esan. Ohiko komunikabideetatik jasotzen duguna gauza bat da. Ailegatzen zaigun egoera larria da, baina berez mila bidar larriagoa da. Etengabeko errepresio batean bizi dira emakumeak, bizitzeko beharrezkoak dituzten gauzak ukatu egiten dizkiete.
Zer adibidez. Zer ukatzen diete?
Lekuaren arabera, egoera ezberdinetan daude emakumeak. Jerusalemen okupatu gabeko lekuan bizi den palestinar bat, Zisjordanian bizi dena, Gazan bizi dena… Egoera oso ezberdinean bizi dira. Gazan, Israelgo blokeoa daukate, eta eguneroko lehengaiak be falta izaten dituzte. Dana neurtuta daukate. Bertara joan aurretik nik neukan ikuspuntua komunikabideek emoten dizuena zen: emakumea biktima modura agertzen dute, beti negarrez, beti nahigabe… Emakume mugimendua eta mugimendu feminista izugarri indartsua da han. Erabat harrituta geratu gara hori ikusita. Izugarrizko indarra daukaten emakumeak topatu ditugu, guretzat eredugarriak direnak.