Euren bizitza taula gainera eroango dute
Emeki koraleko kideek eguen gaueko kontzertuan.
Bost urte bete dituzte, eta 2008tik gaur egunerako ibilbidea kantuen bidez azalduko dute koralistek.
Mertzedeko elizan izango da kontzertua, eguenean,
22:00etan.
Kontzertua «gauza desbardina» izango dela esan du Yolanda Loira Emekiko zuzendariak. «Polita izango da, emozioz betetako ordu betea», gaineratu du.
Kontzertua hasteko sorreran kantatzen zituzten kanta batzuk kantatuko dituztela azaldu du, eta gero, gaur egungoekin txandakatuko dituztela gaineratu du.
Berezitasun modura, pianista eta bateriaz gain beste musika talde bat gonbidatu dutela esan du. «Sorpresa polita izango da».

Eskainiko duten errepertorioari dagokionez «apur bat danetik» kantatuko dutela dio: «Euskal kantak, kanta koralak, latinezko bat, eta gaur eguneko obrak be kantatuko ditugu», azaldu du. Kantarik konplexuena zein den galdetuta, bere ustez gaitzena a capella kantatzea dela dio. «Musikagaz kantatzeak pilo bat laguntzen du, babestuta sentitzen zara eta», azaldu du. «Baina a capella kantatzean afinazioa mantentzea, arnasak ondo hartzea… gaitzagoa da», dio.
Kontzertu honetan esfortzu berezia be egin dute: «Orain arte beti kantatu izan dugu bi edo hiru ahotsetara, eta oraingoan, lau ahotsetara be kantatuko dugu», azaldu du, horrek behar handia emon dietela dio. «12 gara eta lau ahots desbardinetara kantatzea erronka izan da guretzat», dio. «Baina hori lortuta, hamendik aurrera lau ahotsetara kantatzen gehiago ausartuko gara», gaineratu du.
Normalean astean behin entsaiatzen badute be, azken hile bietan astean bi bider gelditu izan dira. Esfortzu horren emaitza eta bost urteko ibilbidearen errepasoa ikustera gonbidatu dituzte herritarrak biharko kontzertura