Zenbat irribarre, zenbat malko, zenbat algara, zenbat sentipen, zenbat. Goizeko Izarra antzerki taldeak hori eta askoz gehiago eragin die ikusleei azkan 20 urteetan.
Edonolako urtemuga ez dela jakinik, antzerki saioa berezi-berezia prestatu dute zapaturako. Ordubete pasatxon, urte hauetan jasotako babesa eskertu nahi diete herritarrei. Eta dakiten moduan egingo dute.
Kalejira egingo dute 20:00etan, eta hiru antzezlan taularatuko dituzte, Zabiel plazan, 22:30ean hasita, guztiak maitasun istorioei lotutakoak, guztiak gaurkotasuneko gaiei lotutakoak: iazko antzezlan bat; tarteko urteetan egindako bat eta Markesaren Alaba. Azkan atzezlan horrek ordu erdiko iraupena izango du. Arantza Ugarte taldekideak aurreratu duenez, 2013rako
Markesaren Alabaren bertsio berezia prestatu dute. «Ez da 1994an antzeztutakoa. Hark hiru ordu zituen».
Ikusle zein antzezle, Zabiel plaza txiki geratuko da.
Markesaren Alaba 50 bat lagunek antzeztuko dute, 5 urtetik hasi eta 70 urte ingurura artekoek. Tragedia behar bezala kontatu ahal izateko, hilabete eta erdi daramate entseguak egiten, astean bi egunetan. Aktoreen ondoan egon dira, beti bezala, laguntzaileak. «Eskerrik asko hor egoteagatik».
Sorreratik hona, nahikoa lagun pasatu dira taldetik. «Guztiek ipini dute ale bat». Emanaldi honetarako guztiekin harremanetan jartzen saiatu dira gaur egun taldean dabiltzanak. «Ez ditugunak aurkitu ez daitezela minduta sentitu. Ez da izan ahalegin faltagatik», esan du Ugartek