100.000 euroko aurrekontu osoa (gehi BEZ) izango du Mutrikuko Udalak
obra gauzatzeko. Esleipena epe motzean prestatuko dute. «Diru laguntzekin nahi izan dugu konponketa aurrera eraman. 2011n beste egitasmo bat zegoen, baina ez zen egin, zor handiagoa ez egoteko», azaldu du udaleko aparejadoreak. Horren harira, oraingo egitasmoa aurrera eroateko dirua lotzen ibili da azkan hilabeteetan udala: Merkagunetik jasoko du diru laguntza zati bat, Eusko Jaurlaritzak gune historikoak konpontzeko duen sailetik. Bestetik, Debemenek 20.000 euroko diru laguntza eman du, baserritarren bizi kalitatea hobetzea helburu.

Merkatu Plaza, gaur goizean
Goitik beherako berrikuntza egingo da Merkatu Plazan, bi helburu nagusigaz: batetik,
lehen sektoreari bultzada eman asmoz, merkatua bera berreskuratuko da, gaur egungo baldintzetara egokituz. Era horretan, zuzeneko salmenta egiteko postuak egokituko dira: postu guztiak berrituko dira. Egokitzapenekin gaur egun merkatuan dauden dendariek bertan jarrai dezaten bilatzen du udalak, eta utzik dauden postuak betetzea. «Hasiera batean, baserritarrentzat izango dira hiru postu».
Horrez gain, Merkatu Plazak dituen metroei –500 metro karratu ditu barruan–
erabilera anitza eman nahi zaio zati batean: oraindik nola egin zehazteko dagoen arren, merkatu gunea eta erabilera anitzerako gunea bereiztea aurreikusten du udalak, neguan, arratsalde partean, herritarrek aterpea aprobetxatu ahal izateko.
Barruko konponketa egiteko 75.000 euro erabiliko dira.
Sarrera hobetuko da
Merkatuari orohar beste itxura bat emango zaio, erakargarriagoa izan dadin. Horretarako, ezinbestekoa izango da sarrera hobetzea. 25.000 euro erabiliko dira horretarako: oraingo komunak kendu egingo dituzte, eta berri bat egingo da. Bestalde, ate automatiko bat jarriko dute.