Hirugarren urtez, Lea Ibilbideko martxa egingo dute; hilaren 20an izango da hori, baina, bertan parte hartu nahi duenak izena emon beharko du aurretiaz.

Astelehena, uztailak 15, baino lehen emon beharko du izena martxan parte hartu nahi duenak posta elektronikoz (
leakomartxa@hotmail.com helbidera mezua bidalita). Bertan, parte hartzailearen izen-abizenak, udalerria, ume edo nagusia den eta zein ibilbide egingo duen zehaztu beharko ditu; izan be, aurrekoetan bezala, aurten be, ibilbide bi izango ditu aukeran herritarrak: luzea eta laburra, alegia.
Ibilbide luzea Mendexako muturretik (Marierrota) hasiko da, 08:15ean; ibilbide laburra, ostera, Aulestiko Errekondo parketik hasiko da, 10:30ean. Ibilbide osoa egiteko, gutxi gora-behera, lau ordu eta hamabost minutu behar direla esan du Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoak, eta ibilbide laburra egiteko, barriz, ordu bat eta 30 minutu.
Bi hornidura puntu
Ibilbidean zehar, bi hornidura puntu egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek: bata Gizaburuagako Errotazar lasaigunean eta bestea Aulestiko parkean. Bestalde, ibilbidean zehar iturriak daudenez, nork bere kantinplora edo botila eroatea gomendatzen dute antolatzaileek.
Behin martxa amaituta, aldez aurretik izena emandako partaideek Bengolako parkean kopaua izango dute iaz bezala; horrez gain, 13:00etan, zozketa baten parte hartuko dute, eta, hala, Lea Ibarreko jatetxe batean 100 euroko bazkaria edo afaria irabazteko aukera izango dute parte hartzen dutenek.
Autobusen ordutegiari dagokionez, Munitibartik Lekeitiora 07:15ean eta 09:15ean aterako direla jakinarazi du Mankomunazgoak.
Informazio gehiago eskuratu nahi duenak Mankomunazgora deitu (94-684 44 23) beharko du.