Topaketan emakume aktibistak izan dira protagonista, eta UNMS (Emakume sahararren Batasun Nazionala) taldeari babesa emoten dion Euskal Sarea izan da bertan. Nazioarteko III. Hitzaldia izan da, eta lehenengoa okupatutako mendebaldeko Saharan egiten dena. Aaiun-en egin da.
Hitzaldiak Europako hainbat ordezkaritza eta emakume elkarteren laguntza eduki du, baita saharar herriari elkartasuna adierazten dioten Ameriketako Estatu Batuetako eta Latinoamerikako elkarteena be. Euskal Sarearen ordezkari modura Ermuko eta Ondarroako kideak egon dira. Rosa Baltar berdintasun teknikaria. Rosa Baltar Ondarroako udal berdintasun teknikariak euskal sareko kideak emakume sahararrek pairatzen duten indarkeria salatu du, eta sareak babesa emoten jarraituko duela berretsi du, “autodeterminazioaren aldeko borroka baketsu honetan. Esperientziak partekatu eta gizon eta emakumeok berdintasunean bizi ahal izango garen gizarteak sortzeko ari gara lanean”.

Emakume sahararren egitekoa
Ekitaldiaren helburua zera izan da: emakume sahararrek euren herriaren aldeko borrokaren baitako erresistentzia baketsuan egin duten ekarpena ezagutzea. Horrekin batera, Marokok okupatutako lurraldeetan sufritzen duten giza eskubideen urraketa larriak aitatu beharra dago. Biltzarreko parte-hartzaileek indarkeria horren biktima izandako emakume aktibisten testigantzak entzun ahal izan dituzte: torturak, larderiak, bahiketak eta atxiloketa arbitrarioak, besteak beste.
Topaketan marokoar poliziaren presentzia handia egon zen, eta horren ondorioz Saharako aktibistek ezin izan zuten parte hartu.