
Illarramendi eta Florentino Perez Real Madrideko presidentea akordioa sinatu ostean
Azkenean be, zurrumurruak egi bihurtu dira: Asier Illarramendi mutrikuarrak Real Madrilen jokatuko du hurrengo sei denboraldietan. Zapatuan sinatu zuten akordioa jokalariak eta Madrilgo taldeak. Atzo, bestalde, aurredenboraldia hasi zuen Madrilgo (Espainia) taldeagaz.
Komunikabideek zabaldu dutenez, 39 milioi euro inguru ordaindu ditu Real Madridek, Illarramendi fitxatzeko. Erreala, baina, ez da dirutza jasoko duen talde bakarra. Izan be, Mutriku Futbol Taldeak 600.000 euro jasoko ditu, jokalaria bertako harrobian hezi zutelako.
Illarramendik haren agurren esan zuenez, “erabaki gogorra izan da, baina errefusatu ezin den aukera bat da”. Hala, negar artean esan zion “gero arte” bihotzeko taldeari. Errealeko jokalari ohiak haren talde izandakoa goraipatu zuen, emondako babesagatik eskerrak emonez. Mutrikuko jokalariak hamabi urte egin ditu Donostiako taldean.
Etorkizunari buruz, barriz, “erronkari aurre egiteko gogotsu” dagoela jakinarazi du Illarramendik. Dioenez, talde handi batera joan da, eta tituluak irabazteko lehian izango da. Hala, ahalik eta maila hoberena emoten saiatuko dela jakinarazi du. Real Madridek beragan jarritako esperantza, joko onagaz ordaindu gura du bertokoak.