Kiroldegiko langileek idatzitako gutuna
Mutrikuko kiroldegiko langileak, herriari
Pasa den astean, Mutrikuko Udalak oharra bidali zuen komunikabidetara, esanez nola aste hortatik aurrera, abuztuaren erdira arte, udalak berak mantenduko duela polikiroldegia irekita, Kirolberri enpresarekin zeukan kontratua eten ondoren.
Kiroldegi horretan lanean egon garen langileok, oso egoera larrian gaude, hasiera baten albiste positiboa izan daikeena (azpikontrata bukatutzat ematea, udalak gestioa bere gain hartzeko) ametsgaiztoa delako guretzat.
Duela hilabete batzu abisatu zigun udaletxeak kontratua amaitzera zihoala, eta lasai egoteko, irailetik aurrera berriz gestioa kontratatuko zutela, eta guk bertan lanean jarraituko genuela, orain arte moduan.
Baina errealitatea bestelakoa da, ekainaren erdialdean, Kirolberri enpresaren aldetik eskutitz bat jaso genuen esanez kontratua amaitzen zitzaiola eta uztailaren 1etik aurrea udaletxearen menpe gelditzen ginela.
Eta orduan hasi ziren arazoak: udaletxeak guri esandakoa ezin legez lotu, irailean berriz lanean hasteko konpromisoa zalantzan, ez dakigu kirol ekintzak irailean hasiko diren edo urtarrilean, eta Kirolberrik emandako eskutitzarekin ezin gara Lanbidera joan langabezia prestazioa eskatzeko, ez baitu horretarako balio.
Ekainaren amaieran bildu ginen azken aldiz udalarekin, erantzun azkar bat eman behar ziguten, eta oraindik zain gaude.
Gauza bat argi daukagu: beraiei begira gelditzen bagara, erreklamazioak egiteko epe guztiak amaituko zaizkigu, eta ezer gabe geldituko gara.
Gu ez gara abokatuak, ez gara politikoak, baina bai dakiguna zera da: 11 urte arte bertan lanean egondakoak, horrelako irteera baino zerbait gehiago merezi dugula, egunero-egunero, kiroldegiko erabiltzaileekin harremanetan, klaseak eman, laguntza, erreklamazioak atenditu, eta denetik egin dugu gure borondate eta profesionaltasun handienarekin, eta horrela irtetea errespetu falta itzela dela, kalegorrian bait gaude, etorkizun ilunarekin, eta gurea dena eskatzeko behar den lekura joango garela, gu ez garelako izango udalaren egoera ekonomiko txarraren aitzakian, edozein modutan hartutako erabaki politikoen prezioa ordainduko dutenak, eta ez dugulako onartuko batzuek guri aurpegira barre egitea.
Laura Anda Urionabarrenetxea, Deñe Azpiazu Azpillaga eta Itziar Ormaetxea Jaio. Mutrikuko kiroldegiko langileak.