Herriko argiteria osoa aldatuko du Aulestiko Udalak, aurrezteko asmoz
Kontsumo murritzagoa duten sistemak jartzea helburu, herriko argiteria osoa aldatuko du Aulestiko Udalak. Hala, herri barruan dauden kale-argietan zein parkeko bidean daudenetan, LED sistemako argiak jarriko ditu.
Auzoetan, berriz, egungoak baino gutxiago kontsumitzen duten bonbilak jarriko dituztela esan du udalak. Aldaketa horiek eginda, udalak egun kontsumitzen duen elektrizitatearen %52 inguru aurreztu nahi du; betiere, argitasun maila jaitsi barik. Horrek urtean 12.000 bat euroko aurrezpen teorikoa suposatuko lukeela azaldu du udalak.
Gainera, sistema barri hori daukaten farolek iraunkortasun handiagoa dutela eta, mantentze lanetan ere aurreztuko lukeela dio udalak. Farola berriek argia zuria eta «naturalagoa» izango dutela jakinarazi du udalak.
76.000 euroko kostua izango dute aipatu lanek; 8.000 euro udalak jarriko ditu, eta gainontzekoa, berriz, dirulaguntzen bitartez ordainduko dute.