Hutsik egin gabe, Euskal Zine Bilera hartuko du aurten ere Lekeitiok. 36. edizioa izango da aurtengoa eta hainbat aldaketa ekarriko dituela jakinarazi dute antolatzaileek; esaterako, «inoiz baino sari indartsuagoak» izango ditu.
Euskal Zine eta Bideo Bilera 70eko hamarkadan sortu zen, euskara eta ikus-entzunezkoen mundua uztartzeko asmoz, eta, geroztik urteak pasatu diren arren, horretan dihardute oraindik. Gainera, euskara hutsez egiten den Euskal Zine Bilera bakarra da Lekeitiokoa: profesionalentzako zein hasi berrientzako.
Jaialdi hori ospatu ahal izateko, baina, lan handia egin behar izaten dute antolatzaileek urte osoan zehar, eta, oraingoan ere, hala gertatu da: besteak beste, egitasmoak lantzen aritu dira Lekeitioko Bilera Euskal Zinemagileen plaza bihurtzeko asmoz.
Sari barriak izango dira aurten
Sarietan nabariko dira gehien, iazkoarekin alderatuta, Bilerak izango dituen aldaketa nabarmenenak.

35. Euskal Zine Bilerako sari banaketako une bat
Hain zuzen, orain arteko Sormenezkoak, Argumentuzkoak, eta Dokumentalak arloak alde batera utziko dituzte eta oraingoan, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia, Argazkia eta Film Onena sariak emango dituzte. Hain justu, arlo bakoitzeko, profesionalek 1.620 euro eta zilarrezko antzarra jasoko dute, eta amateurrek, berriz, 1.100 euro eta antzarra.
Horrez gain, Gazte 22 saria ere emango dute, «hasi berriak diren gazteak bultzatzeko». Hala, 1991ko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako parte hartzaileen artean, 600 euroko sari berezia emango dutela azaldu dute.
«Euskaraz egindako ikus entzunezkoen sektorea promozionatzea da Euskal Zine Bileraren helburua»; hala, zentzu horretan, sarien aldaketak gainerako Zinemaldietara egokitzeko behar bati erantzungo diola deritzote antolatzaileek. Sari horien bitartez, euskarazko zinemagintza sektore profesionala Bilerara erakartzea da antolatzaileen asmoa, eta, aldi berean, lan amateurrak saritzea ere.
Dena den, sarien eta arloen aldaketa ez da Bilerak izango duen aldaketa bakarra; izan ere, aurten, komunikazio kanpaina indartsu bat martxan jartzea da antolatzaileen asmoa. Hori horrela, Iker Ayestaran ilustratzaileak egingo du 36. ediziorako kartela.
Amaiera ekitaldian aldaketak
Bestalde, amaiera ekitaldian ere, berrikuntzak prestatzen dabiltzala aurreratu dute antolatzaileek. Oraindik ez dute ezer aurreratzerik izan, baina ekitaldi berezia izango dela esan dute. Epaimahia ere «sektorearen ispilu» izaten ahaleginduko dela azaldu dute.
Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 36. edizioan parte hartzera dei egin die antolatzaileek «euskal zinemagintzako sektore zein norbanakoei». Hala, interesatuek irailaren 10era arte izango dute beren lanak aurkezteko epea. Antolatzaileek azaldu dutenez, inprimakia eta ikusentzunezko lana Lekeitioko Kultur Etxera (R.M Azkue, 5- 48280 Lekeitio) bidali beharko dituzte interesatuek
Informazio gehiago nahi duenak www.lekeitio.com eta www.zinebilera.com webguneetan edota 946243482 telefono zenbakian eskuratu ahalko du.