Leatarren Eguna ospatuko dute Lea Ibarreko herritarrek, bihar
Begirada atzera botata, Leatarren Eguna duela urte asko hasi ziren ospatzen Lea Ibarra osotzen duten herrietako bizilagunak. Hain justu, 1.977. urten egin zen lehenengoa. Baina jai egunak etenaldia eduki zuen. Eta 2001. urtean, barriro ere berreskuratu zuten. Orduan, hiru urterik behin ospatzeko eguna izango zela adostu zuten. Mendexan egin zen lehenengoa, 2001. urtean. Atzetik Munitibarren (2004), Gizaburuagan (2007) eta Amoroton (2010) egin zen ibarreko herritarren jaia. Orain, 2013an, orain arte jai eguna ospatu ez den herri bakarrak hartuko du lekukoa: Aulestik. Prestaketa lanak Leatarren Eguneko prestaketekin urtarrila aldera hasi zirela esan dute herritarrek. «Bost herrietako bizilagunak batu eta gure helburuak zehaztu genituen». Horrela ba, antolakuntzan ere Lea Ibarra osatzen duten bost herrietako bizilagunek parte hartu dute. Bada, denaren gainetik, bailara berean bizita, alkartasuna eta alkarlaguntza direla gakoa azpimarratu nahi dute. «Leatarron arteko harremanak sendotzea da helburua. Eta urte guztian alkarregaz lanean ibili ostean, alkarregaz ondo pasatzeko eguna edukitzea», argitu dute. Batu eta helburuak zehazterkoan, ideia argi bat nagusitu zen herritarren artean: «leatar kontzientzia indartu, ezbardintasunei baino batzen gaituenari garrantzia emon eta Lea Ibarra hauspo berritu behar dugula».
Leatar kontzientzia indartu, ezbardintasunei baino batzen gaituenari garrantzia emon eta Lea Ibarra hauspo berritu behar dutela diote herritarrekHorretaz gain, krisi ekonomikoaren eta bestelako murrizketen aurrean, udal eta mankomunitate txikiak arriskuan daudela eta eurek eurena defendatu behar dutela diote. «Horregatik aurtengo leloa da Ekin eta ekin, leatarrok elkarrekin». Bileretan gazteek ere parte hartu dutela esan dute. «Horrela ba, gazteek ere Leatar Gazteen Eguna ospatzeko proposamena mahairatu zuten. Aurretik ere Leatar Gazteen Eguna ospatu izan da, baina gero ez zuen jarraipenik eduki. Aurten, ostera, berreskuratu egingo da egun hori». Izan ere, gazteek alkar ezagutu behar dutela deritzote antolatzaileek. «Azken finean, ondoko herrietan bizi dira eta asko eta asko ez dira ezagutu ere egiten. Horretarako, alkar ezagutzeko, Leatar Gazteen Eguna ondo egongo da». Behin gaur gazte eguna ospatu eta gero, bihar, egun handiaren ordua ailegatuko da. Egitaraua zabala da. «Aurreko Leatarren Egunetan egindako antzeko egitaraua prestatu dugu, berezitasun gutxi batzuekin», esan dute antolatzaileek. Karrozak, jolasak eta bazkaria. Osagarri horiekin, besteak beste, leatarrek nahikoa edukiko dute euren eguna goi-goitik ospatzeko. Bestalde, aurten, herri kirolen formatua aldatu dutela esan dute. «Herri kiroletan norgehiagoka zen nagusi. Lehiakortasuna gailentzen zen, ondo pasatzearen gainetik. Horrela ba, aurten, herri kirolei izena aldatu eta herri jokoak izatera pasatu dira». Jokoetan herri bakoitzetik hamar lagunek parte hartuko dute baina inok ez daki zeintzuk izango diren frogak. «Lehia sanoa egon daiteke», baina helburua ondo pasatzea dela diote. Horrela ba, leatarrek gaur eta bihar hitzordu garrantzitsua badute ere, urte guztirako konpromisoa daukate. Eta ideia horri jarraituz, harremanak sendotzen, egun handia ospatzen eta bide horretatik Lea Ibarra hauspotzen jarraituko dute herritarrek, gaur, bihar eta urteko egun guztietan. Egitaraua Gaur, Leatar gazteen eguna 13:00. Poteo musikatua. 14:30-15:00. Bazkaria. Ostean. Jolasak. Ondoren. Bertso poteoa. 22:30. Kontzertuak: Hots, Ekaitza eta talde sorpresa. Bihar , Leatarren eguna 12:00. Karrozak Jarraian. Karrozak herriko plazara ailegatzen direnean, txupinazoa. Ondoren. Lea Ibarreko dantza taldeen ikuskizuna. Goizeko giroa alaitzeko. Poteoa, Aulestiko txarangak eta Gizaburuagako dultzaineroek alaituta. 14:30. Bazkaria frontoian. Ostean. Musika eskolen laguntzagaz kantaldi herrikoia, frontoian. 15:30. Ginkana jolasak eta frogak, umeentzako. Ostean. Diskofesta, umeentzako. 18:00. Herri jokoak. Ondoren. Mendexako trikitilariak, giroa alaituz. 20:30. Erromeria, Bide batez taldearen eskutik. Egun guztian. Leatarren argazki zaharren erakusketa, frontoian. Goizean eta arratsaldean. Umeentzako puzgarriak, ludoteka, tailerrak…